Gaur jarri da martxan Mondragon Unibertsitatearen 2019-2020 ikasturtea, Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera ofiziala eman ostean. Oñatiko enpresagintza fakultatean egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira ere, MUko errektore Vicente Atxa, Enplegu Sailburu Beatriz Artolazabal, Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarte, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta baita Oñatiko alkatea Izaro Elortza, besteak beste.
Hitza hartzeaz bat, honakoa esan du Vicente Atxa MUko errektoreak, zeinek bigarren agintaldia hasi berri duen MUren buru gisa: "Gure esku dago datorrenari aurre egiteko ahalik eta ondoen prestatzea. Eta zenbat eta ahalegin handiagoa egin gure gazteen trebakuntza hobetzeko, eta gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, orduan eta prestatuago egongo gara".
Ostean, hiru erronka nagusirengan jarri du fokua, "Euskadiko ekonomian positiboki eragiten jarraitzeko": Unibertsitate-hezkuntzaren berrikuntzan liderrak izaten jarraitzea, ikasleen ikasketa eta unibertsitate-esperientzia nabarmen hobetzeko; bizitza osoko prestakuntza-eredua bultzatzen jarraitzea, pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna bermatzeko; eta ikerketa aplikatua lantzea, enpresekin elkarlanean, euskal enpresa-sareari hobeto lehiatzen laguntzeko, "Brexita edo negozio eredu berrien erronken aurrean".
Atxaren ostean Urkullu lehendakaria igo da oholtzara, eta honakoa azpimarratu du: “Kooperazioari eta berrikuntzari dagokionez Mondragon Unibertsitatea beti izan da aitzindari; Leinn gradua edo enpresa-unibertsitate elkarlan estua dira horren adibide”.
Euskal gazteei lehen enplegua bilatzea "erronka nagusitzat" jo du, eta bide horretan Mondragon Unibertsitateak egiten duen ekarpena nabarmendu. Zendu berri den Alfonso Gorroñogoitia, eta Ulgorreko beste lau sortzaileak ekarri ditu gogora, eta baita bihar Gasteizen egingo den Humanity at Music ikuskizuna ere. "Ikasturte oparoa eta eraldatzailea izan dadila" esanez amaitu du bere hitzaldia.
Ekitaldia ukitu musikalarekin amaitu da, Humanity at Music proiektuko pieza bat abestu baitute Ganbara abesbatzako kideek.
MUren zifrak
Azken lau ikasturteetan % 23 hazi da graduko ikasleen kopurua Mondragon Unibertsitatean. Aurten 1.300 ikasle berrik emango diote hasiera ikasturteari, iaz baino %7 gehiagok. Unibertsitateak, 31 titulu eskainiko ditu gradu eta unibertsitate masterretan.