Zabaldu dute Debagoieneko AEK-ren egoitza berria

Txomin Madina Milikua 2019ko ira. 11a, 20:06

Musikak eta magiak jantzitako ekitaldian AEK-ko langileak, ikasleak, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak batu dira.

Debagoieneko AEK-ko egungo eta garai bateko langileak, euskara ikasleak, herritarrak, herriko hainbat eragiletako kideak... Guztiak elkartu dira gaur arratsaldean Arrasateko Herriko Plazan, Debagoieneko AEK-ren egoitzaren inaugurazio ekitaldian.

Erakunde publikoetako ordezkaritza zabala ere izan da bertan. Hala, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabal; eta HABEko zuzendari Jokin Azkue ere egon dira ekitaldian. Denek ere egoitza berriaren erosotasuna nabarmendu dute.

Egoitza berria, ''mugarri''

AEK-ko egungo Koordinatzaile Nagusiak, Mertxe Mugikak hartu du hitza ekitaldi hasieran, eta azpimarratu du hainbeste urtetan egoitzari dagokionez nahiko modu prekarioan lan egin ostean, mugarri bat dela lokal berria zabaldu izana. Pozik agertu da, era berean, bere esanetan Arrasaten dagoena bezalako egoitza berriekin itzuli egiten zaiolako herriari Korrika eta bestelako ekimenekin emandako laguntza.

Mugikaren hasierako hitzaldiaren ostean, Debagoieneko AEK-ko langileek orain urte batzuk idatzitako abestia kantatu dute ekitaldira joan direnek, eta ondoren Imanol Ituño magoaren ikuskizunaz eta umoreaz gozatu ahal izan dute. Egoitza berriaren barruan izan den otamenarekin borobildu dute arratsaldea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak