Ekain Zubizarreta eta beste 46 lagunen kontrako epaiketa "lekuz eta garaiz kanpo" dagoela salatu dute

Txomin Madina Milikua 2019ko ira. 5a, 20:13

Irailaren 16an Madrilgo Audientzia Nazionalean hasiko den epaiketaren harira, agerraldi jendetsua egin dute Arrasaten. Gogora ekarri dute, era berean, epaiketaren aurkako manifestazioa egingo dela hilaren 14an, Bilbon.

Arrasateko eta Debagoieneko herritar ugarik egin dute bat gaur arratsaldean Arrasateko Monterron parkean egindako agerraldiarekin.

Bertan Juanito Barberan eta Oihana Jausorok irakurri duten testuan, salatu dute Ekain Zubizarreta arrasatearraren eta beste 46 lagunen kontrako epaiketan pertsona horiek epaitzeaz gain, Euskal Herrian urte luzez saretutako jarduera politiko oso bat epaituko dutela. Azpimarratu dute beharrezkoa dela epaiketaren jatorria kontuan hartzea; hau da, auzipetuek errepresioak eta espetxeak eragindako mina arintzeko egin dutela lan urte luzetan, eta aldarrikapen horiek indarrean daudela oraindik ere.

Esan dute, era berean, eskatzen dutena dela gatazkaren ondorioak konpontzea eta min guztiak errekonozituak izatea, eta horretarako bermea gatazkaren jatorria konpontzea dela. Zentzu horretan, 47 auzipetuen aurkako epaiketa kontrako norabidean datorrela gaineratu dute: "47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala, orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu".

"Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko", gaineratu dute.

Irailaren 14an, manifestazioa Bilbon

Epaiketa salatzeaz gain, irailaren 14an Bilbon Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean egingo den manifestazioarekin bat egiten dutela adierazi dute agerraldiko parte-hartzaileek. Arrasatetik autobusak irtengo dira manifestaziora joateko, eta txartelak Taupa eta Irati tabernetan egongo dira salgai.

Epaiketa dela eta, beste ekitaldi batzuk ere iragarri dituzte EkainArrasaten plataformakoek. Hala, irailaren 12an 19:00etan hasita, elkartasunezko dantza kalejira egingo dute herriko kaleetan; eta irailaren 16an, epaiketa hasiko den egunean, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak