Euskaltegi berriaren inaugurazio ekitaldia datorren astean, irailaren 11an izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta bertara joateko deia egin diete Debagoieneko herritarrei.
Egoitza berria aurrekoa baino handiagoa da: guztira, 200 metro koadro inguru ditu, besteak beste lau gela handirekin. Arduradunen esanetan, erosotasunean ez ezik, baliabideetan eta irisgarritasunean hobera egin dute.
Ikasturte berrira begira, AEK-ko kideek azaldu dute pozik eta harro daudela azken urteotan gero eta pertsona gehiago hurbiltzen delako euskaltegira. Iaz, esaterako, 300dik gora ikasle izan zituzten. Era berean, gaineratu dute euskara praktikoa ikasteko eta lantzeko aukerarik onena eskaintzen duela AEK-k.
Izena emateko epea zabalik
2019-2020 ikasturtean izena emateko epea irailaren 27ra arte egongo da zabalik, eta horretarako hainbat modu daude:
- Egoitzara bertara joanda; ordutegia: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00
- Mezu bat bidalita: arrasate@aek.eus
- Telefonoz deituta: 943 77 03 69
AEKko kideek azpimarratu dute, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Arrasateko Udalak diru-laguntzak ematen dituztela euskara ikasi gura dutenendako.