Debagoieneko emakume batek salaketa jarri du Bilboko Aste Nagusian jasandako sexu-abusuagatik

Amaia Zabala 2019ko abu. 30a, 15:00

Debagoieneko emakume batek salaketa jarri du Bilboko Aste Nagusian jasandako sexu abusuagatik. Salatu duenez, abuztuaren 24ko gauen gertatu zen abusua, Pinpilinpauxa konpartsako txoznan. Biktimak sare sozialetan zabaldu du komunikatua eta Goiena Telebistarekin ere bildu da.

"Gertakaria goizaldeko bostak aldera pasau zen, juergako edozein gautan bezala lagunekin dantzan geundela nire atzekaldean (ipurdian) zakil bat nabaritu nuen. Hasieran jende asko zegoela kontuan hartuta ez nion garrantzi haundirik eman, baina denbora pasa ahala, egoera nahiko susmagarri bat zelakoan, buelta erdi eman eta ea zer gertatzen zen begiratu nuen. Nere sorpresarako tipo bat frakak bajatuta masturbatzen topatu nuen nire kontra" dio sexu-abusua salatu zuen emakumeak.

Biktimak dio egoera hori ikusita, Pinpilinpauxa txosnako barrara jo zutela berak eta lagunek eta zerbitzariari bertan zeudenak gertatuaz ohartarazteko musika kendu eta mikrofonotik abisua emateko eskatu ziotela. Zerbitzari honek eta jarraian beste lauek musika kentzea ezinezkoa zela esan zioten ordea.

Biktimak dio, txunditurik geratu zirela erreakzio honekin, pinpilinpauxa berdintasunaren alde eta erasoen aurka mintzatu ohi den konpartsa bat delako eta gizon hau solte egotearekin txoznan zeuden pertsonak arriskuan zeudelako.

"Txosnatik irten eta tipoaren bila hasi giñen zerbait egiteko intentzioarekin. Ez genuen 5 minutu ere behar izan tipoa topatzeko eta dagoeneko beste beste neskatila bat eskutik helduta zeukala ikusi genuen. Tipoari argazkia ateratzea lortu genuen eta momentu batean bere aurka joan ginen, baina ingurukoek heldu eta tipoak ihes egitea lortu zuen" gaineratu du emakumeak.

Ondorioz, gertakaria modu ofizial batean salatzeko asmoz udaltzaingoarengana jo zuten eta bertan udaltzainak izandako mespretxuzko jarrera salatu du. Jarraian, Miribillako udaltzaingoen egoitzara eraman zituzten autoz. Komunikatuan dio, egoitza honetako udaltzaingoa oso atsegina izan zela eta une horretan hain beharrezkoa zuten konfiantza eta lasaitasuna transmititu ziela.

Gertaera honetatik hiru gauza nabarmendu eta salatu nahi izan ditu emakumeak: Pinpilinpauxa txoznarengandik jaso zuten jarrera, kaleko udaltzainen eraginkortasun eza eta salaketa jarri ondoren Miribillatik Bilbo erdialdera bueltatzeko udaltzaingoak patruila-autorik jarri ez izana.

Pinpilinpauxaren komunikatua

Pinpilinpauxa konpartsakoek beren aldetik komunikatu bat zabaldu dute. Bertan dio gizon bat sexualki era oldarkorrean jokatzen ari zela jakinarazi zietela eta berehala udaltzaingoari eman ziotela abisua. Eta hauek minutu batzuen ostean gizona atxilotu zutela. 

Biktimak dio, ordea, udaltzainek deitu ziotela gizona atxilotu zuten unean, baina ez zela hark salatu zuen gizonezko bera, eta beste sexu abusu salaketa batzuen erantzule izango dela. Ondorioz, biktimaren esanetan, bera abusatu zuen gizona beste bat da eta  hori dela eta, gizonezkoak ez du inolako ondoriorik izan eta aske jarraitzen du.

Bilboko Udalaren erantzuna

Goiena Bilboko Udalarekin jarri da harremanetan eta hauek Udaltzaingoan salaketa egin zela ziurtatu dute baina ondoren kasu zehatz honetan gizona atxilotzera iritsi zirenik ezin dutela ziurtatu. Udalak gaineratu du, Aste Nagusian sexu abusuengatik eta sexu erasoengatik salatuak izan diren erasotzaileen %75a atxilotu izan dela baina kasu zehatz honetan ezin dutela ziurtatu.

Argitu behar da, emakumeak salaketa guztiaren berri emanez sare sozialetan zabaldu zuen komunikatuan Ertzaintzaz ari zela, baina konfusio bat izan zen, eta  Goienak argitu duenez eta emakumeak berak ere konfirmatu duenez, Udaltzaingoari egin nahi zion erreferentzia une guztian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak