Asko izan dira asteburuan G7aren kontragailurrera hurbildu diren debagoiendarrak

Amaia Zabala 2019ko abu. 27a, 14:29

Abuztuaren 24tik 26ra munduko 7 potentzien agintariak batu dira, Biarritzen, eta ondorioz, Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragilek, agintari hauek aplikatutako politiken aurkako mugimenduak antolatu dituzte. G7aren kontragailurra Irun eta Hendaia artean izan da eta kapitalismoaren aurrean beste eredu batzuk posible direla aldarrikatu dute bertan. Jendetza bildu da eta asko izan dira ekitaldi hauetan parte hartzera hurbildu diren debagoiendarrak.

Gehienak autoz hurbildu dira Irunera, eta ondoren handik oinez mugitu dira Hendaiara, bertan antolatutako ekitaldietan ere parte hartu ahal izateko. Izan ere, larunbateko manifestazioaz gain,hainbat tailer eta hitzaldi egin dituzte aste guztian zehar.

G7 EZ eta Alternative G7 erakundeek mobilizazioetan ekintzaileen aurka poliziak izan duen gehiegikeria salatu dute eta atzo atxilotuak askatzea exijitzeko elkarretaratzeak egin zituzten.

Cristophe Castaner Frantziako Barne ministroak emandako informazioaren arabera, 164 izan dira mobilizazioetan poliziak atxiki eta identifikatutako pertsonak. Sare Antifaxistak emandako datuen arabera, atxilotuak 104 izan dira: 85 ostirala eta larunbata bitartean, eta 19 igandean. Komite Internazionalistak adierazi duenez, horietatik bost espetxeratuak izan dira. Horrez gain, bi pertsona herrialdetik kanporatu dituzte.

Julen Mendizabal arrasatearra eta Askapenako brigadista ere bertan izan da kontragailurrean. Eta G7aren aurkako mobilizazio hauek antolatzeak duen garrantziaz mintzatu da. Antolatu diren hitzaldi eta tailerretan hainbat gai landu dituzte egun hauetan, kapitalismoaren alternatibak, herrien burujabetza, etorkinen auzia eta feminismoa besteak beste. Mendizabalek berak esaterako Askapena brigadarekin Grezian izandako esperientziaren inguruan hitzaldia eman zuen pasa den ostegunean Irungo Ficoban.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak