Bailarako futbol taldeak hasi dira aurre-denboraldiko entrenamenduekin

Amaia Zabala 2019ko abu. 22a, 15:30

Bailarako futbol taldeak hasi dira entrenamenduekin. Ohorezko erregional mailako hiru taldeek esaterako, UDAk, Bergarak eta Mondrak, amaitu dituzte oporrak eta heldu diote dagoeneko aurre-denboraldiari.

Lehena Aretxabaletako UDA taldea izan da. Abuztuan jaiak zirela eta entrenamenduak aurreratzea erabaki zuten eta uztailerako hasi ziren. Ondoren, atsedenaldi bat egin zuten eta astelehenean berriro ekin zieten entrenamenduei. Gainera, taldeak entrenatzaile berria du, Mikel Larburu da bera, Ordiziako taldean laguntzaile izatetik dator eta aurrez Zumaian eta Ermuan ibilia da entrenatzaile lanetan. Denboraldira begira "erronka polita" dutela eta helburua urtea "lasai eta ondo" hastea dela azpimarratu du Larburuk.

Behin aurredenboraldiko entrenamenduekin hasita lagunarteko partidak ere jarraian datoz. Atzo bertan, jokatu zuen lehena UDAk Bergararen aurka. Gainera, Bergarak ere entrenatzaile berria estreinatu du, Jose Javier Barkero aretxabaletarra, hain zuzen. Barkerok dio denboraldi berrirako helburu nagusia kategoria salbatzea dela, baina horretaz gain, "ahalik eta gorenera" iristen saiatuko direla.

Erregional preferente mailako bailarako hirugarren taldea ere, Mondra, hasi da entrenamenduekin. Jorge Davilak jarraituko du entrenatzaile lanetan eta Goienari jakinarazi dionez "ilusio handiarekin eta indarrak berriturik" hasi dira, lana gogotik egiteko prest. Davilak dio denboraldi luze eta borrokatua datorkiela aurretik eta ahalik eta hobekien prestatzen ari direla partidu guztietan "lehiakor" agertzeko. Gaineratu du, taldea ere "gogotsu" ikusten duela.

Aloña eta Antzuola

Debagoieneko erregional preferente mailako bi taldeei dagokienez, berriz, Aloña astelehenean hasi zen entrenamenduekin eta aste honetan goizez entrenatuko dute egunero, 10:30etatik 12:30etara. Datorren astean, berriz, arratsaldez hasiko dira, 19:00etan hain zuzen. 

Eta Antzuolak, berriz, bihar izango du aurredenboraldiko lehen entrenamendua, arratsaldeko 18:30etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak