Sozialki eta pertsonalki garatuz, pozarren

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 25a, 14:51

Adimen desgaitasuna duten pertsonak laneratzearen alde apustu egiten duen egitasmoa da Pauso berriak. Horren bitartez, Maite Urreta aretxabaletarra Jose Arana nagusien egoitzan ari da lanean, eta "oso gustura" dagoela adierazi du.

Gureak eta Atzegi erakundeek sustatuta, Pauso berriak egitasmoa jarri zen martxan 2010ean. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak ingurune arrunt batean laneratzearen alde egiten du apustu ekimen honek; ingurune horiek euren garapen pertsonalean eta sozialean bultzatzeko asmoz eta lantalde bateko beste kide bat gehiago bihurtzeko asmoz. Hala, Eskoriatzako Jose Arana nagusien egoitzak bat egin du proiektuarekin, eta, hori horrela, bertan ari da lanean Maite Urreta aretxabaletarra.

Egoitzakoak, "pozik"

Eskoriatzako Jose Arana egoitzak, esaterako, Maite Urreta laneratzeko integrazioaren aldeko apustua egin zuen, Pauso berriak programaren bitartez. Urretak lau hilabeteko formakuntza saio bat egin zuen, lehenbizi, eta gero, praktikak egin zituen Jose Arana egoitzan. "Bertan, askotariko zereginak burutzen ditu, garbitegian nahiz jangelan. Hala ere, hemendik aurrera bere jarduera zerbitzu okupazionalean jarraituko du; berri honek poztasun handia sortarazi dio, hainbeste desiratzen zuena errealitate bihurtu delako", adierazi du Mireia Larrañagak, Jose Arana nagusien egoitzako zuzendariak. Horrekin batera, egunez egun zailtasunak gainditzeko erakutsi duen ahalegin eta ilusioagatik zoriondu nahi izan dute egoitzako lankideek eta zuzendaritzak.

Garapenean aldaketa positiboa

Fran Navarro Pauso berriak egitasmoko arduradunak hauxe adierazi du: "Proiektu honen bidez, aukera bat ematen diegu adimen urritasuna duten pertsonei, eta beraien bizitzan eragin positiboa du. Maite Urreta oso gustura ari da Eskoriatzako Jose Arana nagusien egoitzan, eta bertako erizainak ere oso pozik daude berarekin. Bere garapenean aldaketa handi bat ikusi dugu, alde batetik, garapen pertsonalean eta, beste aldetik, sozialean". 

MAITE URRETA. LANGILEA

 

"Goizetan etortzen naiz Jose Arana egoitzara, eta oso ondo nago hemen, oso gustura. Ez dira gogorrak nirekin, baina jartzen dizkidate lanak, e!".

MIREIA LARRAÑAGA. JOSE ARANA NAGUSIEN EGOITZAKO ZUZENDARIA

"Guk oso gustura ikusten dugu Maite, eta gu ere pozik gaude berarekin. Jangelan jasotzen ibiltzen da, Asuni garbitegian laguntzen dio…".

FRAN NAVARRO. 'PAUSO BERRIAK'-EKO ARDURADUNA

"Maitek lau hilabeteko formakuntza egin zuen, eta, praktikak egin ostean, jarraitu egin du. Pozik gaude, hobekuntza handia ikusi baitugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak