Elgetan bizi den Eduardo Zubiaurre Ariznabarretak (Eibar, 1962) atzo hartu zuen euskal enpresarien konfederakuntzako lehendakari kargua, Confebaskeko Kontseilu Nagusiak aho batez berretsi ostean.
Confebasken lehendakaritza txandaka egitea zehazten dute estatutuek, Gipuzkoa, Araba eta Bizkai artean. Hala, aurten, Gipuzkoaren txanda izanda, Adegiren ardura zen lehendakaria proposatzea, eta, hala, Eduardo Zubiaurre Adegiko buru izandakoa aurkeztu zuen kargurako, Roberto Larrañaga ordezkatuz.
Sei urtez Adegiko lehendakari ( 2006-2012) izandako Zubiaurre Jaz Zubiaurre familia-enpresako gerentea da, eta, iaz arte, EAJren udalbatzarreko presidentea Eibarren.
"Erritmo onean, baina erne"
Lehendakari gisa egindako lehen prentsaurrekoan, hauxe adierazi zuen: "Euskadin susperraldi ekonomikoak erritmo onean jarraitzen du. 2008ko urritik, enplegu mailarik gorenenean gaude une honetan". Era berean, maila ezberdinetan dauden arriskuak gogorarazi ditu: "Euskadin, autogintza, altzairua eta makina-erreminta bezain sektore garrantzitsuak kontu handiz dabiltza munduan zer gertatzen den aztertzen. Oraingoz, ez dago alarmarik, baina erne daude".
Erronkei dagokienez, "egonkortasun instituzionala mantentzea, enpresen fiskalitate lehiakorragoa lortzea, Euskal Y-a amaitzea eta lan-harreman modernoak izatea" azpimarratu ditu. Horrez gain, beharrezkotzat jo du "emakumea lan merkatuan erabat sartzea, baina, batez ere, arlo industrialean".