Artistak, edozein dela elastikoaren kolorea

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 12a, 15:36

Jokin Altunak ez du txapeldunaren elastiko gorririk behar artista dela erakusten jarraitzeko. Atzo ikuskizun ederra eskaini zuen Bergaran, zeinen eta txapeldunaren aurrean, Irribarriaren aurrean. Aramakoak, berriz, maila txukunean jardun zuen 48 ordu lehenago final handia jokatu eta gero. Rezustak eta Zabaletak lehia polita izan zuten atzean. Urdinek irabazi zuten 15-22. 

Jokinek gorriz jantzita jokatzeari utzi dio, eta urtebetez –gutxienez– Irribarriak izango du ohore hori. Atzo, baina, biek ala biek garbi erakutsi zuten elastikoaren koloreak ez duela pilotaria egiten. Orain momentuan frontoian ikus daitekeen partidu erakargarrienetakoa prestatu zuen Aspek Bergarako jaiak agurtzeko, eta zaleek erantzun egin zuten; aspaldiko betekada frontoian, Chirlaqueren agurraren baimenarekin. Lau pilotariak ibili ziren oso ondo. Zapatuko Bergarako bandako kontzertuan moduan, lauetako inork ez zuen desafinatu, eta aurreikuspenak beteta, ikuskizun ederraz gozatu zuten zaleek.

Altuna bikain ibili zen, aurreko koadroetan min egin zuen eta gozamen hutsa izan zen hura jokatzen ikustea. Irribarriak, berriz, 48 ordu izan zituen final handi bat jokatu eta ahalik eta txukunen egoteko, eta tartean biharamuna gainditu behar izan zuen, ondo merezitakoa, gainera. Denbora tarte txikia da hori, eta hala ere, Aramakoak frontoi osoko lanak burutik kendu eta eskuz binakora moldatu behar izan zuen. Aurrelarien arteko lehiarekin batera atzean ere partidu polita jokatu zuten bi jotzaile handik, Zabaletak eta Rezustak. Akaso, Bergarakoari kosta egin zitzaion partiduan sartzea, baina gero ohiko maila erakutsi zuen: "Beñatek frontoi honetan pilotari horrela jotzen dionean zaila izaten da ezer egin ahal izatea", zioen Irribarriak amaieran. Amaitu dira txapelketa nagusiak, badator uda sasoia.  

Arratsaldeko lehenengo partiduan Mendizabal III.ak eta Martijak 22-16 galdu zuten Peio Etxeberriaren eta Ladis Galarzaren kontra.

Erlazionatuak

Pilota jaialdiko argazkiak

Xabier Urtzelai 2019 eka 12 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak