Baigura mendiaren maldan kokatutako Irisarri herrian elkartuko dira EHZ Festibaleko kideak. Aurtengo berritasunetako bat da Herriko Plazara gerturatu izana gune bat; han eskainiko dituzte tailer, hitzaldi eta ikuskizun sorta handia. Haurren Txokoa ere inguruan izango da, eta kontzertuak alboko zelaian.
Julen Oillarbururen esanetan, Irisarri aukeratu dute bi arrazoiengatik: batetik, aurreko urteetan herri-guneetatik urrun ibili eta gero, plaza girora itzuli nahi izan dutelako; eta bestetik, bertako azpiegiturek ziurtatzen dutelako festibala egingo dela bai ala bai, izan tenpesta edo dena delakoa.
Gazte talde baten gidaritzapean dator, gainera, aurtengo edizioa eta, festibalaren beraren filosofiari jarraiki, egungo gazteen behar eta jakin-minera egokitu dute proiektua.
Euskal Herriko artistak ezagutzera emanez kalitatezko jaialdi "aberats eta anitza" eskaintzeko helburua duen egitaraua gertatu dute beste behin. Hala, rap, rock, pop, reggae eta cumbia doinuek, besteak beste, hiru egun horietako soinu banda osatuko dute.
Askotariko musika estiloak eta taldeak
Egitarau alternatibo eta aberatsak nortasun propioa eman dio festibalari, eta aurten ere, askotariko musika estiloak eta taldeak izango dira oholtza gainean. Musika talde nagusien artean honako hauek daude:
- Iseo & Dodosound
- Niña Coyote eta Chico Tornado
- Willis Drummond
- Gari & Maldanbera
- Oihan Oliarj-Ines
- Ray Fernandez
Oihan Oliarj-Ines zuberotarraren Oihaneko Zühainetan da, antolatzaileen esanetan, ikusmin gehien piztuko duten emanaldietako bat: "CD bat atera du eta Ipar Euskal Herrian aski entzute izan du. Zuberoako kantu zaharrak hartu eta musika garaikidearekin moldatu ditu. Lanketa biziki berezia egin du eta harrera bikaina izan du. Sorpresetako bat izanen da proiektu hori lehen aldiz zuzenean ikustea. Niko Etxart edota Maddi Oihenart moduko Zuberoako kantari aski ezagunek hartzen dute parte ".
Horiez gain oholtza gainean izango dira ondorengoak ere:
- Anari
- Old School Funky Family
- Cumbiam’bero
- Liher
- Manu Louis
- The Very Small Orchestra
- Lu Rois
- Izaki gardenak
- Koban,
- Nizuri Tazuneri
- Montauk
- Broken Brothers Brass Band
Zenbait taldek, gainera, obra berriak aurkeztuko dituzte festibalean, haien artean dira Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi eta Diabolo Kiwi.
Era berean, ikustekoak izango diren emanaldien artean daude, batetik Toi d'abord zirkoaren ikuskizuna, eta bestetik, Led Silhouette dantza konpainiarena; EHZ festibalerako propio sortutako Orbita ikuskizuna estreinatuko dute, Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioak lagun eginda.
Egitaraua osatuko dute bertso-poteoak, txarangek, dantzak, erakusketek eta antzerkiek.
Hausnarketari eta eztabaidari tartea
Ahalegin berezia egin dute aurten ere hausnarketarako eta eztabaidarako espazio bat egokitzeko. Bost ildoren bueltan arituko dira: feminismoa, festa eredua, burujabetza-autogestioa, G7a eta migrazioa. Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai-ingururekin osatuko dute. Adituen eta eragileen ekarpenekin diseinatu dituzte tailer horiek, eta helburua izango da iritziak trukatzea eta gai horietan sakontzea. Parte hartzeko izena eman beharko da aurretik.
Estimazioa
Antolatzaileek uste dute 3.000-3.500 lagun inguru pasako direla hiru egunetan Irisarritik. "Aukera izango dute giro ezberdin batean murgiltzeko, euskararen bidez, ezagutza berriak egiteko eta zubiak eraikitzeko. EHZ festibalak badu balio erantsi hori, erakargarria jende askorentzat", gaineratu dute.
Proiektuari emandako Elkar saria
Euskal Herria Zuzenean elkarteak Proiektuari emandako Elkar saria jaso du duela hilabete eskas, festibalarekin, 24 urtez, euskal kulturari egindako ekarpena aitortuz.