Aretxabaletan EAJ izan da nagusi. Alderdi jeltzaleak eta EH Bilduk biek jaso dituzte orain dela lau urte baino boto gehiago, eta jeltzaleek eutsi egin diote bien arteko aldeari. Bi alderdiek zinegotzi bana irabazi dituzte, eta alderdi abertzaleek bakarrik osatuko dute udalbatza datozen lau urteetan, sekula gertatu ez dena. Unai Elkoro jeltzalea pozik agertu da emaitzarekin eta gaineratu du datu “historikoak” jaso dituztela. EH Bilduko zerrendaburu Ion Albizuk bestetik, azpimarratu nahi izan du euren esparrua “finkatzen” ari direla eta gaineratu du bestalde, EAJk “boto baliagarriak” jaso dituela eta horretaz hausnartu beharko dutela.
Parte-hartzeak 3,21 puntu egin du gora 2015eko Udal hauteskundeekin alderatuta, eta horrekin batera boto kopuruak ere gora egin du lehen bi alderdien kasuan, EAJ eta EH Bildu. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos (orain dela lau urte Irabazi) alderdiek, ostera, behera egin dute eta zinegotzi barik geratu dira.
Dena den, boto kopuruarekin nahasmena sortu da Aretxabaletan datu ezberdinak jaso direlako. Udal idazkariak ez daki horren arrazoia, eta, astean argituko dela adierazi du.
Eskoriatzako emaitzak
Eskoriatzan ere EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak. Alderdi jeltzaleak sei eserleku izango ditu, EH Bilduk lau, Eskoriatzako Elizateen Elkarteak bakarra, eta Elkarrekin Podemos eta Alderdi Sozialistak ez du ordezkaritzarik izango udalean.
Eskoriatzako alderdi jeltzaleko ordezkariek urduritasunez bizi izan dute kontaketa momentua, eta Joserra Zubizarreta EAJko zerrendaburuak emozioz jaso ditu datuak.
EH Bildukoak alkatetza lortu ez arren, gustura agertu dira emaitzekin.
Duela lau urteko udal hauteskundeetako emaitzei erreparatuz gero, Eskoriatzako Elizateen elkartekoek 2015ean baino 37 boto gutxiago jaso dituzte, baina zinegotzi bat lortuta, helburua bete dutela adierazi du Iñaki Kerexeta zerrendaburuak. EAJk duela lau urte baino 205 boto gehiago lortu ditu eta EH Bilduk orduan baino 111 gehiago. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos (orain dela lau urte Irabazi) alderdiek, ostera, behera egin dute eta zinegotzi barik geratu dira.