ALBISTEAK

Maiatzaren 26ko hauteskundeek utzitako emaitzak

Julen Iriondo 2019ko mai. 27a, 15:28

Bergara berreskuratuta, EH Bilduko alkate bat gehiago izango du Debagoienak datozen lau urteotan, EAJren kaltetan. Bost izango dira, Bergarakoaz gain, orain arte bezala Oñatikoa, Antzuolakoa, Elgetakoa eta Aramaiokoa. EAJk Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan jarraituko du alkatetzan.

Debagoienari dagokionez, udal hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuta eta parte-hartzea bost puntu hazita, EH Bilduk lortu ditu boto gehien, 15.629 bailara osoan, 2015ean baino 2.700 gehiago. Boto guztien %45 da hori, duela lau urte baino bost puntu gehiago, eta 57 zinegotzi, sei irabazita. EAJrekiko aldea handitu egin du EH Bilduk. Puntu eta erdira ez zen iristen aldea 2015ean, ia sei puntukoa da gaur egun. EAJk ere gora egin du, dena den, Debagoienean. 13.646 botorekin, 1.200 boto gehiago, eta 44 zinegotzirekin, aurreko agintaldian baino lau gehiago. Botoen ehunekoan, hori bai, puntu erdikoa izan da EAJren igoera.

Distantzia handira, eskualdean, hirugarren indarra, aurreko urteetako ohiko joerarekin bat. 2.657 botorekin, 200 boto eta puntu hamarren bat irabazi ditu alderdi sozialistak, baina zinegotzi bat galdu, bostekin geratuz. Hainbat siglarekin aurkeztu diren ezkerreko gainerako alderdiek botoen ia erdia galdu dute. Irabazik lau zinegotzi zituen orain arte, eta Baleikek bi; aurrerantzean, Elkarrekin Podemosen Arrasateko zinegotzia izango da bakarra. PP, azkenik, desagertzera bidean doa Debagoienean, botoen erdia galduta, 286rekin.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeei dagokienez, EAJ nagusitu da berriro, EH Bilduren aurretik. 130.000 botorekin, 18.000 irabazi ditu 2015etik hona. Botoen %35 eskuratu ditu, hiru puntu gehiago, eta 20 batzarkide, bi irabaziz. EH Bilduri 14.600 botoko aldea atera dio EAJk. 116.000 lagunen babesa jaso du koalizioak, orain lau urte baino 13.000 gehiago, botoen %31rekin, bi puntu gehiagorekin baina EAJgandik puntu bat urrunago, laura, 17 batzarkiderekin, orain arte bezala. Gipuzkoako orain arteko gobernu koalizioak baditu agintean jarraitzeko zenbakiak, alderdi sozialistak bederatzi batzarkide izango ditu-eta berriz ere, 62.000rekin ia 4.000 boto irabazita, boto ehunekoetan ia lehengoan geratuta. Podemosek 10.000 boto eta bi batzarkide galdu ditu, laurekin geratuz; kontuan izan behar da, gainera, duela lau urte 8.000 boto eskuratu zituen Irabazi oraingoan ez dela bere izenarekin aurkeztu. Azkenik, botoetan apur bat behera egin baina zuen batzarkideari eutsi egin dio PPk.

Deba-Urola barrutiari dagokionez, EAJk eskuratu du bertan ere boto gehien, 41.500, EH Bilduk baino 1.500 gehiago. Bi alderdiak hazi dira botoetan, 5.500 EH Bildu eta 4.300 EAJ. Ehunekoetan, hiru puntuko aldea zuen EAJk Bildurekiko, eta puntu eta erdikoa du orain. Bi alderdiek lortu dituzte sei batzarkide Deba-Urola barrutian. PSE eta Podemosentzat dira barrutiko beste bi batzarkideak. Batzarkide banaketa duela lau urteko bera da Deba-Urolan.

Hiru batzarkide debagoiendar izango dira denera Gipuzkoan: EH Bilduko Mikel Biain eta Aittor Arantzabal eta EAJko Aintzane Oiarbide.

Gainerako batzar nagusiei dagokienez, Aramaioko zerrendaburu Pedro Elosegik eta Izaskun Moiua oñatiarrak, biak jeltzaleak, eserlekua lortu dute Araban, eta Geroa Baiko Koldo Martinezek eta Podemoseko Ainhoa Aznarezek Nafarroako parlamentuan ere bai.

Araban eta Bizkaian garaipen argiak lortu ditu EAJk, Bizkaian gehiengo osotik gertu, eta eroso goberna dezake bietan alderdi sozialistarekin, orain arte bezala.

Nafarroan, Navarra Suma 

Azkenik, Nafarroan, eskuineko alderdien koalizioak, Navarra Sumak irabazi ditu hauteskundeak, 19 parlamentarirekin. Gero Baik eta EH Bilduk euren 9 eta 8 parlamentariak mantendu dituzte, baina Podemos zazpitik bira jaitsita eta izkierda ezkerra bitik batera, aldaketaren alderdiek galdu egin dute gehiengoa, eta lau irabazita 11 parlamentari dituen PSNren esku geratu da Gobernua osatzeko giltza.

Europako hauteskundeetan, azkenik, nabarmentzekoa abstentzioaren beherakada, %58tik %34ra Gipuzkoan, eta duela bost urteko boto kopurua ia bikoiztuz EAJk EH Bilduri aurrea hartu izana. Emaitza orokorrei dagokienez, EH Bilduko Pernando Barrena eta EAJko Izaskun Bilbao Bruselan izango dira agintaldi berrian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak