ALBISTEAK

EH Bilduko alkate berberak Antzuolan, Aramaion eta Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 27a, 15:30

Antzuolan mantendu egin da zinegotzi banaketa eta Beñardo Kortabarriak jarraituko du alkate. Elgetan, berriz, gora egin du EH Bilduk eta zinegotzi bat gehiagorekin gobernatuko du Iraitz Lazkanoren hautagaitzak. Aramaion ere zinegotzi bat irabazi du Lierni Altuna zerrendaburu duen EH Bilduk. Leintz Gatzagan ez da zerrendarik aurkeztu eta ez dute udal hauteskunderik egin.

Antzuolan EH Bilduk jarraituko du Udal gobernuan eta Beñardo Kortabarriak alkatetzan. Udalbatzako zinegotzi banaketari dagokionean ez da aldaketarik izango. EH Bilduk zazpi hautetsi izango ditu,  EAJk hiru eta Euskadiko Alderdi Sozialistak bat. 685 boto lortu ditu EH Bilduk Antzuolan, %57,27. EAJk botoen %30,68 eskuratu du. 367 boto, hain zuzen ere eta alderdi sozialistak, berriz, 102 boto edo % 8,52.

EH Bilduren alkategai Beñardo Kortabarria, oso pozik azaldu da. Gutxi gorabehera duela lau urteko emaitzak lortu dituztela adierazi du.

 EAJ-k gora egin du botoetan, baina ez du laugarren zinegotzia lortu. Basili Ormazabal zerrendaburuak adierazi du boto gutxiren faltan izan direla ordezkaritza handitzeko.

Aramaion 570 boto EH Bilduk

Aramaion ere EH Bildu izan da nagusia. 570 boto lortu ditu Lierni Altunaren hautagaitzak, duela lau urte baino 40 gehiago, eta zinegotzi bat irabazi du, ondorioz. EAJk 218 boto lortu ditu, 2015ean baino hamar gutxiago, eta zinegotzi bat galdu. Hamalau boto izan ditu PSE-EEk, eta bat PPk.

Altunak jakinarazi du hauteskundeak irabaztea zela bere aurreikuspena eta ondo beteta daudela.

Elgetan zinegotzi bat gehiago EH Bilduk

Elgetan ere EH Bildu izan da nagusi. Duela lau urte baino alde handiagorekin irabazi ditu Udal hauteskundeak eta Iraitz Lazkanok jarraituko du alkate, aurreko agintaldian baino zinegotzi bat gehiagorekin, gainera.

412 boto jaso ditu Lazkanoren hautagaitzak, eta 205 EAJko Aintzane Oiarbide buru duenak. Hala, botoen %64,48 lortu du EH Bilduk eta %32,08 EAJk. Euskadiko Alderdi Sozialistak 13 boto jaso ditu Elgetako udal hauteskundeetan, eta orain arte moduan ez du udalbatzan ordezkaritzarik izango. Bederatzi eserlekuetatik sei izango ditu EH Bilduk, eta hiru EAJk.

Leintz Gatzagan Udal hauteskunderik ez

Leintz Gatzagan ez da Udal hauteskundeotarako hautagaitzarik aurkeztu. Hala, bi hautetsontzi izan zituzten atzo herrian, eta ez hiru. Batzar Nagusietarako zein Europako Parlamenturako hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoa izan da nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak