Izagirrek eta Biainek Gipuzkoan eskualdeen artean dagoen "oinarrizko eskubideen desoreka" salatu dute

Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusia Bergaran izan da gaur goizean eta berarekin izan dira baita ere Mikel Biain Oñatiko alkate eta Batzar Nagusietarako Deba-Urolako zerrendaburua eta Debagoieneko alkategaiak. Agerraldian, oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzearen garrantziaz mintzatu dira besteak beste.

Ekitaldian, Izagirrek hartu du hitza lehendabizi eta EH Bilduren helburu nagusia herritarren ongizatea hobetzea dela argitu du eta horretarako funtsezkoak direla "kalitatezko hezkuntza zerbitzu publiko bat izatea, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea eta kalitatezko osasungintza publiko bat izatea".

Bestalde, Osakidetzako lehen arretako langileak izan ditu gogoan eta euren egoera salatzeko biharko deitua duten lanuztea dela eta babes osoa azaldu die. "Geroz eta baliabide gutxiago dituzte osasun zerbitzua behar den bezala eskaintzeko, eta azken urteetako etengabeko murrizketen ondorioz, langile kopurua ere jaitsi egin da".

Horren harira, EH Bilduk herritarren ongizatea eta osasuna hobetzeko hartu dituen neurrien berri ere eman du Izagirrek, horien artean "interdisziplinar estrategiak".

Mikel Biainek hartu du jarraian hitza eta EH Bilduk oinarrizko zerbitzu publikoak modu orekatuan jendartera helaraztearen alde egin duen lana nabarmendu du: "Oñatin esaterako, zerbitzu publikoak herritar guztien eskura jarri ditugu, lehen eta bigarren mailako herritarrik gabe, enplegu duina sortze eta bermatze aldera".

Amaitzeko, Biainek, Aldundiak etorkizunerako Debagoienerako eta barrualdeko beste hainbat eskualdetarako lerro estrategikorik markatu ez izana eta horrek eskualdeen artean sortu duen desoreka ere salatu ditu. Horren harira gaineratu du,  EH Bilduk, Aldundian dagoenean, ez duela eskualderik atzean utziko: "Eskualdeen tokiko garapena eta oreka baitira Gipuzkoa garatzeko giltzarri. Aurreko guztia kontuan harturik, Aldunditik 40 milioiko funtsa sortuko dugu eskualdeko proiektu estrategikoak garatzeko, beti ere tokian tokiko eragileekin elkarlanean, garapen agentziak zentroan jarri eta herritarren beharrei erantzunez”.