Puertollanoko heroiak Arrasaten elkartu dira aurten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko api. 29a, 16:21

Realaren historian letra larriz idatzita geratu den Puertollanoko (Ciudad Real) partidu berezia gogora ekartzeko beste urtebetez elkartu dira Realeko jokalari ohiak; aurten, Arrasateko Garagartza auzoko Leze-Txiki elkartean. 1967ko apirilaren 23an Puertollanon Calvo Sotelo taldearen aurka partidua bina berdindu ostean, Lehen Mailara igotzeko txartela lortu zuten.

"Talde honek gaur egun ez luke preziorik izango", adierazi du irribarretsu eta hunkituta Jesus Aranbarri arrasatearrak, igoera posible egiteko 2-2koa egin zuen jokalariak.

Azken orduko bajaren bat tarteko –'Gaztelu' bergararra eta haren seme Agustin Arantzabal, esaterako–, Reala bigarren mailatik Lehen Mailara igo zuten Puertollanoko heroietatik hamaika lagun elkartu dira gaur. Egutegian ondo markatuta duten data horietako bat da guztientzat.

Honako hau izan da aurten elkartu den 'hamaikakoa':

  • Jon Sagasta.
  • Jesus Aranbarri.
  • Raimundo Diaz, Mundi.
  • Jose Mari Martinez, Txino.
  • Jose Antonio Corcuera.
  • Jose Luis Maiztegi.
  • Iñaki Lasa.
  • Jose Miguel Arregi.
  • Javier Ezeiza.
  • Dionisio Urresti.
  • Marco Antonio Boronat.

"Familia bat ginen"

1967ko apirilaren 23ko partidu berezi hartan gauzak ez ziren ondo hasi gauzak. Deskantsura 2-0 galtzen joan ostean, Boronatek egin zuen 2-1ekoa eta Jesus Aranbarri arrasatearrak, partidua bukatzeko sei minuturen faltan, sartutako golak jarri zuen binako berdinketa markagailuan: "Alderatze baten baloia etorri zitzaidan eta eskuadrara joan zen baloia, baina auskalo nora joan zitekeen. Eskerrak barrura joan zen...". Gol horri esker igo zen Reala Lehen Mailara. Eta jokalariek ere ahaztu barik dute hori. Gustuko dute garai hartakoa gogora ekartzea, horren inguruan berba egitea, elkarrekin, talde izaera mantenduta.

Gaur Arrasaten elkartu diren jokalari ohiek oso modu berezian gogoratzen dituzte garai haiek: "Familia bat ginen, hainbat eta hainbat ordu pasatzen genituen batera. Ez dakit zeinen amak ze gaixotasun zuen jakiten genuen orduan, edo ez dakit zeinen emazteak mania jakin bat zuela. Gaur egun gauzak ez direla horrela".

Taldeko jokalari ia guztiak gipuzkoarrak ziren orduan, Jose Maria Martinez Txino-k gogoratzen duenez: "Taldea bigarren mailan zegoenez, Sanseko jokalari asko igo ginen; kostatu zitzaigun, baina jendeak pazientzia izan zuen eta etxeko jokalari gazteekin lortu genuen igoera".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak