270 udaltzain-postu betetzeko deialdia argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko 36 udalerritarako.
Hirugarren deialdi hau, Segurtasun Sailak abiatu du EUDELekin –Euskadiko Udalen Elkartearekin– elkarlanean. 270 postu horietatik, Arabako 3 udalerritarako izango lirateke 45 postu, Bizkaiko 17 udalerritarako 109 postu eta Gipuzkoako 16 udalerritarako dira faltako liratekeen 116 postuak. Bailarako bi herri daude tartean; Arrasaterako bost udaltzain postu eta Aretxabaletarako bat.
Egun, Arrasateko Udaltzaingoak 32 agenteko lantalde finkoa du –30 udaltzain, udaltzainburuordea eta udaltzainburua– daude.
Aretxabaletak 3 udaltzain ditu –ez dago udaltzainbururik– eta postu berria betetzera etorriko denak martxo hasieran erretiratu zen Alberto Zillaurrenen lekua beteko du. Iazko urte bukaeran erretiroa hartu zuen Martin Garai udaltzainburuaren postua ere bete gura du Udalak, baina aurrerago izango da hori.
Udaltzain-postu horiek eskuratu nahi duten eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek, gaurtik aurrera eta datorren maiatzaren 20ra arte, eman ahal izango dute izena Arkauteko akademian.
Aurreikusten da probei ekainean hasiera ematea eta prestakuntza-ikastaroa azaroan hastea.
Bergaran, Udalak deituta
Debagoienean, Bergaran ere egin dute udaltzainen lan poltsa osatzeko deialdia, baina kasu horretan, udalak deitu du deialdia. Egun hamasei udaltzain daude lanean eta uztaila bukaeran lau berri sartuko dira. Izan ere, aurten bat erretiratu da eta beste bi dira erretiratzekoak, eta 2020an erretiratuko da beste bat. Deialdia lan poltsa osatzeko da eta beharren arabera joango dira deitzen.