ALBISTEAK

Udal hauteskundeak: Debagoieneko hautagaitzen azken ordukoa

Apirilaren 22an, datorren astelehenean, amaitzen da alderdiek udal hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea, eta apurka-apurka ari dira ezagutzera ematen zeintzuk diren haien hautagaiak.

Elkarrekin Podemos koalizioak, esaterako, Debagoieneko hiru herritan aurkeztuko ditu zerrendak. Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Arrasaten, azken unera arte ibili dira negoziatzen Ahal Dugu eta Ezker Anitza; azken horretako kide batek GOIENA-ri adierazi dio negoziazioak gogorrak izan direla, eta azkenean amore eman behar izan dutela interes orokorraren alde. Hala, Arrasaten Igor Urizar izango da alkategaia, Eba Abuin bigarrena eta egun Irabaziko zinegotzi den Juan Luis Merino hirugarrena. Aretxabaletan, Iker Carrasco izango da zerrendaburua; eta Eskoriatzan, Salva Gonzalez.

Bergaran, aldiz, banatuta aurkeztuko da koalizioa, eta egun zinegotzia den Aiert Lizarralde izango da Irabaziren alkategaia. Ahal Duguk, bestalde, duela aste batzuk iragarri moduan, Jose Maria Sasieta izango du zerrendaburu.

Arrasate

Era berean, Arrasaten, herritarrek hautagaitza berri bati botoa emateko aukera izango dute maiatzaren 26an, Arrasate Aurrera plataformak lortu ditu-eta hauteskundetara aurkezteko beharrezkoak zituen 500 sinadurak. Plataformako kide Ramon Ugaldek adierazi du sinadura guztiek dagoken galbahea pasatzea eta balekoak izatea espero dutela, eta hurrengo pausoa 21 laguneko zerrenda osatzea izango dela. gaineratu du badabiltzala horretarako lanean.

Aramaio, Elgeta eta Antzuola

Egunotan jakin da baita ere gaur egun Debagoieneko bi herritan alkate direnak berriz ere izango direla zerrendaburu. Hala, Aramaion, Lierni Altuna izango da EH Bilduren alkategaia: zortzi urte daramatza Altunak udalbatzan, lau zinegotzi moduan eta beste lau alkate moduan. Aramaioko EAJk oraindik ez du dituen asmoen berri eman.

Elgetan, EH Bilduk astelehenean egin zuen batzarrean erabaki zuen Iraitz Lazkano izatea berriz ere alkategaia.  30 lagun inguru elkartu ziren batzar horretan, eta aho batez hartu zuten erabakia. Alderdi sozialistak, aldiz, hirugarrenez aurkeztuko du  Elias de Castro Elgetarako zerrendaren buru. EAJk, bere aldetik, hautagaitza osatzeko lanean dihardu, baina oraingoz ez du iragarpenik egin.

Eta Antzuolan gaur bertan jakinarazi dio Basilio Ormazabalek GOIENA-ri bera izango dela EAJren zerrendaburua.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.