ALBISTEAK

Korrikaren lekukoa hartzeko gertu

Amaia Zabala 2019ko api. 12a, 10:33

Debagoiendar ugari batu dira Korrikara pasa den asteburuan Nafarroan eta Iparraldean, eta bihar, larunbata, iritsiko da eskualdera; hain zuzen, 60 kilometro egingo ditu ibarrean. Herri batzordeen lanari esker, dena prest dago egun handirako.

"Ondo pasatzeko asmoarekin, garrasi eta aldarrirako gogoz hartuko dugu Korrika gurean, Korrika jai bat baita, euskararen aldeko jai bat, eta horrek dakarren guztiarekin. Beraz, debagoiendar guztiak animatzen ditut furgonetaren atzetik ilusioz eta pasioz korrika egitera eta euskararen alde klika egitera", adierazi du Josu Zubiak, Debagoieneko Korrikaren dinamizatzaileak.

Korrikak 60 kilometroko ibilbidea egingo du Debagoienean asteburu honetan

Apirilaren 13an, 11:28an sartuko da Korrika Debagoienera, Oñatira, Udanan barrena. Bidaurreta igarota Kale Barrian behera joango da eta ondoren, Kale Zaharretik San Pedrora irtengo da, Zubillagarantz. Jarraian, Bergaran sartuko da, 12:57an Elorregin, eta gero, Labegaraietara joango da. Erdigunea zeharkatu ostean, Amillagarantz hartuko du martxa eta ondoren Osintxura iritsiko da, 14:08an. Handik Soraluzerantz joko du.

Domeka goizaldean, apirilak 14, bueltatuko da Debagoienera, Otxandion barrena Aramaiora sartuko baita. Aramaioko Goikoetxea jatetxean 01:54ean izango da eta herria zeharkatu ondoren Arrasatera joango da.Araba eta Gipuzkoa arteko mugan dagoen Arrasate 4 km seinalean hartuko dute arrasatearrek Korrikaren lekukoa, 03:32an. Uribe auzotik Maalako biribilguneraino joango da. Handik alde zaharrerako bidea hartuko du eta Arrasate pasealekua zeharkatu ostean Aretxabaletarantz joko du.

Aretxabaletako biribilgunera 04:28an iritsiko da eta herrian bi kilometroko ibilbidea izango du: biribilgunetik herriko plazaraino bat eta bertatik Eskoriatza aldera bestea.

Eskoriatzara Ederlan paretik sartuko da, 04:45ean; Intxaurtxueta auzoa zeharkatu eta herri erdigunean gora Aingeru Guardarantz joango da. Handik aurrerako bidea jarraituz Leintz Gatzagako errepide zaharreko bide malkartsutik herrira iritsiko dira, 05:27an, eta herria barrutik zeharkatuko dute; Gatzagainera iritsiko dira gero. Handik Gasteizerako bidea har-tuko du Korrikak.

Hain zuzen, 60 kilometroko ibilbidea egingo du Debagoienean eta kilometroen erosleen artean eskualdeko 137 eragile daude.

Saio berezia Goienan

Debagoieneko ibilbidearen irudiekin saio berezia ekoiztuko du Goienak domekan bertan: Korrika Debagoienean. Goiena telebistan 22:00etan emitituko dute eta sarean ere ikusgai izango da. Aitor Agiriano kazetaria ibiliko da erreportari lanetan. Horretaz gain, Goienako lan-taldeak Korrikaren 21. edizioaren erabateko jarraipena egingo du; horretarako, Goiena.eus atarian Korrikaren gaineko kanal berezia sortu dute. Eta papereko edizioan ere lekua izango du Korrikak, Debagoieneko ibilbideko argazki eta guzti, apirilaren 17an.

Amaiera ekitaldia Gasteizen

Apirilaren 14an, Korrikaren amaiera ekitaldia zuzenean emitituko dute Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian. Emankizun hori, Garesko hasiera ekitaldia bezala, ETBrekin, Berria-rekin, Hamaikarekin, Infosarerekin, Kanalduderekin eta Xaloarekin elkarlanean emitituko dute.

Goienatik joango den erreportaria Amaia Txintxurreta kazetaria izango da, eta, hain zuzen ere, egun handirako gogotsu dagoela adierazi du: "Oso poz-garria eta hunkigarria da halako egun esanguratsu batean saltsaren erdian egotea. Protagonistekin zuzenean egoteko aukera izango dugu, Garesko hasiera ekitaldian egin genuen bezala, eta euskararen aldeko festa erraldoia barrutik bizitzeko beste modu bat da".

Txintxurretak euskal hedabideen elkarlana ere azpimarratu du: "Norberaren emozioa eta protagonistena batzen da, eta, Euskal Herriak Korrikarekin bat egiten duen bezala, euskal hedabideak ere elkarlanean ibiliko gara. Beste medio batzuetako kazetariek Korrika nola bizi duten ikusteko balio du, baita lan egiteko ditugun askotariko moduak ezagutzeko ere. Ilusioz eta gogotsu joango naiz Gasteizera, zuzenean bertan gertatzen dena eta bertan izango den giroa ikus-entzuleei islatzeko asmotan".

Korrikaren amaiera Gasteizko Andra Mari plazan 12:30ean izango da eta egun osoan ekitaldiak izango dira. Hala, Josu Zubiak, Debagoieneko Korrikaren dinamizatzaileak, bertara joateko dei egin die debagoiendarrei: "Nahiz eta badakigun gure ibarreko herri batzuetan goizaldean pasatzen dela Korrika, uste dugu merezi duela bertara joatea, ekitaldi ugari eta jai giro ederra egongo baita". Azkenik, Zubiak gaineratu du aurten amaiera ekitaldia Gasteizen izanik eta lineako autobusak egonik, ez dutela aparteko garraiorik antolatu Debagoienetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak