"Ehun lagunetik gora ibili dira Korrikaren herri batzarretan"

Amaia Zabala 2019ko api. 12a, 10:50

Korrikaren Debagoieneko koordinatzaile Josu Zubiak orain arteko balorazioa egin du. Lantalde handia ibili da Debagoienean eta jendearen lana eta inplikazioa azpimarratu du Zubiak.

Abenduaz geroztik ari zarete Korrika antolatzeko lanean herri batzordeetan; zein da egiten duzun balorazioa?

Oso positiboa; jendea gogoz eta ilusioz ibili da, bi urtean behineko zita honen zain ikusi dut jendea, gogotsu heldu baitio Korrikari; herritarren barruan zerbait piztu dela esango nuke.

Korrika pasako ez den herrietan ere osatu dira batzordeak; Elgetan, esaterako...

Eta oso batzorde emankorrak eta herritar ugariz osatuak, gainera, nahiz eta korrika herritik ez pasatu ilusio berarekin hartu baitute. Gainera, egitarau polita sortu dute eta denetan garrantzitsuena da herrian Korrikaren aldeko giroa eta ilusioa piztu dutela.

Batzorde guztietako jendea kontuan hartuta, denera zenbat lagun ibili dira antolakuntzan?

Ba, zaila da kalkulatzea, baina ehundik gora bai.

Zer izan da zailena Korrikaren antolakuntzan?

Beldurrik handiena jendearen erantzunak ematen du; izan ere, batzarretara datorren jendearen lana ezinbestekoa da Korrika antolatzeko garaian. Baina jendea oso ondo portatu da eta lan egiteko gogo handia erakutsi du. Kontzientzia berezia daukate Korrikaren inguruan, eta sekulakoa da.

Beste eskualdeetan ere Debagoienean besteko erantzuna izan du Korrikak?

Debagoiena eskualde berezia den errezeloa daukat. Beti da asko: jende asko, eskaera asko eta abar. Baina aurtengo edizioan, behintzat, sekulako erantzuna ari da izaten bailara guztietan eta nabarmentzekoa da bereziki Nafarroakoa: oso erantzun ona izan du eta joera hori gorantz doa, gainera.

Joan den asteburuan Debagoienetik Nafarroara eta Zuberoara joan direnak ere asko izan dira...

Bai, asko eta asko, eta aipatzekoa da astean ere Nafarroa Hegoaldera, Arguedasera, joan dela oñatiar talde bat. Jende gutxiagok parte hartzen duen herria izanik, gurasoak bertakoak dituen Lorea Navarro oñatiarra ibili da antolatzen. Eta, hain zuzen, Arguedasen bertan ere egin ditu herritarrak animatzeko ekimenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak