20 urte balio kooperatiboak "behartsuenen mesedera" jartzen

Xabi Gorostidi 2019ko api. 9a, 14:03

Mundukide kooperazio kooperatiba duela 20 urte sortu zen, bailarako GKEen eta kooperatiben bultzadarekin. Bi hamarkada hauetan, besteak beste, hamar herrialdetan aritu dira lanean eta 250 lagun izan dira erakundean lanean. Lan guzti horren fruitua da, adibidez, 2018an 75.000 pertsonengan eragitera heldu zela Mundukide. Urrian eta azaroan, ekitaldi bana egingo dute urteurrena ospatzeko. 

Mundukide kooperazio kooperatiba duela 20 urte sortu zen, 1999an, bailarako GKEen eta kooperatiben bultzadarekin. Urteurren borobilaren harira prentsa agerraldia egin dute gaur, egindakoaren errepasoa egiteko, egun esku artean dituzten erronkak zeintzuk diren azaltzeko, eta bi hamarkada bete izana nola ospatuko duten azaltzeko. Bertan izan dira, besteak beste, Raul Garcia presidentea, Leire Mugerza presidenteordea, eta Josu Urrutia zuzendaria.

Raul Garciak hastapenetatik gaur egun eguneraino egindako ibilbidea izan du hizpide. Bi hamarkada hauetan, besteak beste, hamar herrialdetan aritu dira lanean eta 250 langilek izan dira Mundukideren parte. Azaldu du balore kooperatiboak munduan zehar hedatzea lortu duela Mundukidek; behartsuenak ahaldunduz, eta hauen garapenari bidea emanez. Hori lortzeko, ezinbestekotzat jo du elkarte eta kooperatibek izan dute elkartasuna, eta egin dituzten ekarpenak.

Leire Mugerza presidenteordeak, gaur egun dituzten erronka nagusietan jarri du fokua. Aipatu du, momentu honetan aukera paregabea dagoela herrialdeen arteko ezberdintasunak murrizteko, eta zentzu horretan Brasilen, Mozanbiken edo Kolonbian esku artean dituzten proiektuak aipatu ditu. Horrez gain, Malawin, Etiopian edo Ekuadorren lanean hasteko asmoa dutela ere aipatu du. 2018an onartu zuen Mundukidek hurrengo urteetarako lan ildo izango den plan estrategikoa. Lau zutabe dituen plana da, eta Leire Mugerza azaldu du zutabe garrantzitsuena eraldaketa sozialarena dela: "Arizmendiarrietak esaten zuen mundua ez dela kontenplatzeko, eraldatzeko baizik. Mundukideren funtzio nagusia eraldaketa hori egitea; bai lanean dihardugun herrialdeetan, eta baita hemen ere. Garrantzitsua da kanpoan egiten dugun lan horri, hemen ikusgarritasuna ematea". Eraldaketa sozialaz gain, lankidetzak biderkatzea, finantziazio jasangarria izatea eta pertsona konprometituak lortzea dira beste hiru zutabe nagusiak.

Erronka eta proiektuak mahai gainean jartzeko aitzakia ematen du urteurren batek, baina baita ospakizunetarako ere bai. Orain arte bidelagun izandako kooperatiba eta pertsonei eskerrak emateko asmoz bideo bat egin dute, eta horrez gain, urrian eta azaroan ekitaldi bana egingo dituzte: urriaren 20an bosgarren lasterketa kooperatiboa, eta azaroaren 7an ospakizun ekitaldia Arrasateko Kulturaten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak