"Binakako finala atzelarien artean dagoela uste dut". Aspeko kirol zuzendari Jokin Etxanizen aste barruko adierazpenak dira; alegia, neurri handian, Jose Jabier Zabaletaren edo Beñat Rezustaren lanak mugi dezakeela domekan balantza alde batera edo bestera. Atzelariendako seinale ona da hori, lau eta erdikoan edo banakakoan izaten ez duten protagonismoaz jabetu dira eta. Eta Rezustak berak hainbatetan aitortu du hori bera, binakakoa atzelariendako erakusleihoa dela, beste bi txapelketa nagusietan gaitzagoa delako, euren ezaugarriengatik, nabarmentzea.
Hala, esan bakarrik ez, bete ere egin du, azken lau txapelketetako finaletara jarraian iritsi da-eta Rezusta bergararra, eta oso gutxik lortu dute hori aurretik; Retegi II.ak eta Arretxek baino ez. 2017koa irabazi zuen, Irribarriarekin.
Entrenamendu saioetan Rezustarekin jardun duen Aitor Mendizabal pilotari antzuolarrak domekako partiduaren nondik norakoen berri eman du.
Gustura pilotekin
Atzo, eguena, aukeratu zuten materiala, lehia jokatuko den leku berean, Rezustak, Elezkanok, Irribarriak eta Zabaletak. Gustura geratu ziren lau pilotariak. Gertatzen dena gertatzen dela ere, materiala "aitzakia" ez dela izango esan dute pilotariek.
Partidu nagusiaren aurretik, Altuna III.a-Martija eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteek jokatuko dute. Jaialdia 17:00etan hasiko da, Bizkaia pilotalekuan.