Langabezia tasaren joera beheranzkoa izan da Debagoieneko herri guztietan martxoan, Antzuolan eta Aramaion izan ezik; otsailean baino sei langabe gehiago baitaude martxoan Antzuolan eta bi gehiago Aramaion. Bailarako langabezia tasa %7,78koa da.
Gainontzekoan, egoerak hobera egin du bailaran urtea hasi denetik, baita iazko urtetik hona ere.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, kasu horretan ere datuek hobera egin dute hilabeteko epean, gainera, Gipuzkoa izan da otsailetik martxora bitartean langabezia gehien jaitsi den lurraldea. Nafarroan ere behera egin du langabeziak. Hego Euskal Herrian, otsailarekin alderatuta, 2.057 langabe gutxiago daude martxoan.
Errenta Aitorpena
Eta ekonomia kontuekin jarraituta, gogora ekarri behar da datorren astelehenean, hilaren 8an, hasiko dela Errenta Aitorpena egiteko epea. Gipuzkoako foru Ogasunak 65 milioi euro itzuli eta 256,5 milioi euro jasotzea aurreikusten du.
Dagoeneko ikusgai daude proposamenak atarian eta bihar hasiko dira bidaltzen. Datorren astelehenetik aurrera onartu ahal izango dira, esan moduan.
Errenta mekanizatuari dagokionez, Ogasuneko bulegoetan egiten diren aitorpenendako, datorren asteko egubakoitzean, hilaren 12an irekiko dute hitzordua hartzeko epea, eta 15ean hasiko dira aitorpenak aurkezten. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 17tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Uztailaren 1ean itxiko da Errenta kanpaina.
Azkenik, aitorpena euskaraz aurkezteko gonbita egin dute.