Aixolako urtegian zebra-muskuilu ale heldu bat antzeman du Gipuzkoako Urak-ek

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko api. 4a, 14:49

Zebra-muskuiluen presentzia detektatzeko propio ipinitako plaketan antzeman zuten martxoaren 26an. Ordutik egindako behaketetan ez da besterik aurkitu, baina hedapena saihesteko prebentzio neurriak hartuko dituzte.

Gipuzkoako Urak-ek baieztatu du zebra-muskuilu ale heldu bat antzeman zuela martxoaren 26an Elgeta, Elorrio eta Zaldibar artean dagoen Aixolako urtegian. Ordutik lanean aritu dira Gipuzkoako Urak-eko zein Uraren Euskal Agentziako teknikariak. Ur-laginak hartu dituzte zebra-muskuilu larbak ote dauden aztertzeko, baina ez dute halakorik aurkitu. Adierazi dute aurreikustekoa zela; izan ere, uraren tenperatura 8 eta 10 graduren artekoa da eta hotzegia da espeziea ugaltzeko. Egunean bertan urtegian zein urtegitik behera doan errekastoan egindako behaketan ere ez zuten ale heldurik antzeman.

Biharamunean urtegitik behera doan 700 metroko tartea aztertu zuten, eta ez zuten zebra-muskuilu alerik ikusi.

Azterketa gehiago eta batzarra

Gaur, urtegiko ertzetan azterketa egitekoa da Gipuzkoako Urak, eta barikurako batzar monografiko batera deitu dituzte urtegian egiten diren ekintzen kudeaketan zer esana duten eragile guztiak. Bertan, espeziearen hedatzea saihesten saiatzeko hartu beharreko neurriak zehaztuko dituzte. 

Espezie inbaditzailea

Zebra-muskuilua ur kontinentaletako espezie inbaditzaile bat da. Kaspio eta Itsaso Beltzaren inguruan du jatorria eta 2001ean antzeman zuten lehenengoz Ebro ibaiaren beheko tartean. Ordutik, espeziea geroz eta eremu gehiagotara heldu da.

Giza jarduerek hedatzen dute bereziki zebra-muskuilua: arrantzak, nabigazioak... Hala, garrantzi handia dute prebentzio neurriek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak