Aurreikuspenen arabera, 9.000 ibilgailu baino gehiago igaroko dira egunero Deskargako azpiegitura berritik, eta Deba, Urola Garaia eta Goierriko bailarak gerturatzeko ere balioko du. Errepide berria izanik, Bide Azpiegituretako departamendutik arretaz gidatzeko eskatu diete erabiltzaileei, batez ere sarrera eta irteeretan.
Beasain eta Bergara arteko 23 kilometroko bidea "11 minututara murriztuko" dela adierazi dute Foru Aldunditik.
Deskargako zatiarekin osatuta geratuko da Gipuzkoako Biribilgunea delakoa, edukiera handiko errepideen sarea. Eta lurraldeko herri guztiek izango dute autobidea 15 kilometro baino gutxiagora.
Bide berria egiteko, punta-puntako teknikak eta konponbide teknologikoak eskatu dituzte obrek. Argiztapenak LED teknologia erabiliko du, eta etorkizunean teknologia adimentsua ezartzeko prestaturik egongo da errepidea, zuntz optikoari esker.
Nabarmentzekoa da baita ere paisaiaren berreskuratzea izango dela proiektuaren beste arlo nagusietako bat, inpaktu bisuala belarrarekin era florarekin zainduz. Datozen hilabeteetan ikusi ahal izango da horren emaitza.