Debagoieneko Udal bakoitzak herriko kirolari bat saritu du; horretarako arrazoiak asko izan dira, besteak beste, 2018an egindako ibilbidea, urteetan egindako lana edo aparteko txapelketaren bat irabazi izana.
Hona hemen Udal bakoitzak saritu duen kirolaria edo taldea:
Aretxabaleta Saria Odilo Vazquez karateka eta entrenatzaileak jaso du Unai Elkoro alkatearen eskutik. Karate elkartea sortu izana eta borroka arte hori sustatzeko egin duen ahaleginagatik saritu dute.
Oñati Saria AMET taldearendako izan da eta Borja Moiua Kirol zinegotziak eman dio. Oñatiko espeleologia taldeak 50 urte betetzen dituelako saritu dute.
Antzuola Saria rallyetan diharduen Alaitz Urkiolarentzat izan da. Herritarrek erabaki dute boto bidez sari hori eta Garazi Larrea Kirol teknikariak eman dio. Alaitz Urkiola Euskal Herriko rally txapelduna izan da Aingeru Castro gidariarekin batera.
Bergara Saria Mikel Linazisoro eskalatzaile gazteak jaso du Elena Lete alkatearen eskutik. 2018an, 20 urtez azpiko Europako azpitxapelduna izan da, eta Tokioko 2020ko Jokoetarako aukera gehien duenetarikoa da.
Eskoriatza Saria Martin Perez saskibaloi jokalariarentzat izan da eta Joserra Zubizarreta alkateak eman dio. Gurpil aulkiko saskibaloi liga gorenean jokatzen du Gasteizko Zuzenak taldearekin. Europako 22 urtez azpiko Europako txapelketan brontzea irabazi zuen abuztuan.
Elgeta Saria Iratxe Alonso mendi lasterkariak jaso du eta Iraitz Lazkano alkateak eman dio. Mendi lasterketatan azken urtean izan duen bilakaera hartu duten kontuan; hamar onenen artean izan da proba askotan, kilometro bertikaletan, Trail eta Ultra Trail lasterketetan lehiatu da elgetarra.
Leintz Gatzaga Saria Dorletako Ama Txirrindularitza Elkarteak jaso du –Alberto Altube eta Joxerra Agirreurreta– Juanito Bengoa alkatearen eskutik. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea aitortu nahi izan diote.
Aramaio Saria izotz hockeyan jokatzen duen Ione Oyangurendako izan da; Agustin Oyanguren aitaren eskutik jaso du. Gasteizko Sumendi taldean jokatzen du Oyangurenek, eta selekzioarekin ere jardun du dagoeneko.
Arrasate Saria Iñaki Uribeetxebarria squash jokalariak jaso du Maria Ubarretxena alkatearen eskutik. Urteetan Arrasaten squasha sustatzeko egin duen ahaleginagatik saritu dute.
Publikoaren Saria eta Sari Berezia Martin Perezek
Arrasateko Dragoi gimnasia taldeko kideek girotutako ekitaldiaren bigarren zatian sari nagusiak iritsi dira.
Publikoaren Saria hautatzeko herritarrek hamar hautagai izan dituzte aukeran: Markel Uriarte, Julen Irizar, Aimar Erostarbe eta Garazi Estebez txirrindulariak; Martin Perez saskibaloi jokalaria; Mikel Linazisoro eskalatzailea; Vanesa Gimbert futbol jokalaria; Nere Arregi eta Maialen Axpe atletak; eta Ainhoa Redin igerilaria. Eta publikoak aukeratu du Martin Perez saskibaloi jokalari eskoriatzarra boto kopuru totalaren %29a jasota. Mikel Loiti, Citroen eta KIA Chapimeko gerenteak eman dio.
Sari berezia ere Martin Perezek jaso du, eta Bergarako Caixabank bulegoko zuzendari den Ibon Agirrek eman dio hori.
Pozik agertu da Perez sariokin: "Eskertzekoa da; eskerrak botoa eman diguten guztiei eta eskerrak aitortza hau egitearren Debagoieneko kirolarioi. Izan ere, asko gara eta maila altua dago".
GOIENA Saria 'Artza'-k
GOIENA Sariak, ostera, kirola sustatzen egindako ibilbidea saritu gura izan du oraingoan. Eta Xabier Infante Artza oñatiarra hautatu du; Goienako lehendari den Aitor Izagirrek eman dio. Artza-k hiru hamarkada egin ditu Aloña Mendiko igeri taldeen entrenatzaile eta Zubikoako kiroldegiko igerilekuko monitore gisa, eta iaz erretiroa hartu zuen.
Igerilekuetan jarraituko duela oraindik adierazi du: "Beti egon naiz igerieketan sartua; oparoa izan da ibilbidea eta gustura nago. Txute kloroa behar beharrezkoa dut nik, eta ez dut igeriketa utziko, sekula ere ez. Igeriketa txapelketa bat dagoen lekuan egongo naiz", eta gaineratu du: "Eta segi kirolean!".
Ointxe Araski saskibaloi taldeko kadeteak talde onena
Talde onenaren sarirako bi hautagai zeuden: batetik, Ointxe Araski saskibaloi taldea, Kluben Arteko Espainiako Saskibaloi txapelketan brontzea eskuratu zuen kadeteen taldea; eta bestetik, Arrasate Dragoi gimnasia taldea, Espainiako Aerobik Txapelketan izugarrizko lana egin zuen taldea. Eta saria jaso du Ointxe Araski saskibaloi taldeak Goiena aseguru artekaritzako gerente den Juanjo Madinabeitiaren eta Axa aseguru etxeko zonaldeko arduradun den Antonio Canteroren eskutik.
Taldearen izenean Irene Murua jokalariak egin du berba eta Espainiako txapelketa hura zelan irabazi zuten adierazi du: "Euskal Ligan lortu genuen Final Fourrera sailkatzea. Handik Espainiakora joan ginen eta hirugarren geratzea lortu genuen. Azken partidua Bartzelonaren aurkakoa zen eta puntu bakarragatik irabazi genuen; emozioz betetakoa izan zen".
Maialen Axpe 2018ko kirolari onena
Azken saria izan da 2018ko kirolari onenarendako. Hiru finalista zeuden sailkatuta: Markel Uriarte aretxabaletarra, Espainiako Enduro txapelduna egutegiko bost probetan; Mikel Linazisoro eskalatzaile bergararra, 2018ko gazteen Olinpiar Jokoetan izan dena; eta Maialen Axpe atleta arrasatearra, Berlingo Europako Txapelketa absolutura sailkatu zena iaz, Espainiako Txapelketan 4,40 metroko saltoa eginda.
Eta saria jaso du Maialen Axpek. Honek, baina ezin izan du etorri ekitaldira eta haren ordez senitarteko batek, Aitziber Albistegik, jaso du, Ekide Group-eko lehendakari den Joseba Mandalunizen eskutik.
Maialen Axpe etorri ez arren bideoa bidali du eskerrak emateko: "Eskerrik asko. Ezin izan dut hor egon. Fernando Zufiriari eskaini nahi diot, beti presente dagoelako, animatzen eta indarra ematen. Baita gainerako entrentzaileei ere, orain dudan Francis Hernandezi, horiek barik ez gara ezer eta".