Atzo, otsailak 12, Kataluniako buruzagi sozialen eta politikoen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean hastearekin batera Gure Esku Dagok gogoan hartu gura izan zituen epaileen aurrera eroan zituzten horiek: Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez, Oriol Junqueras, Joaquim Form, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull, Raül Romeva eta Carme Forcadell. "Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen ditu eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen ditu jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dute. Azken baten erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da", zioten GEDkoek.
Domekan, Donostiara
Euskal Herriko herri askotan egin ziren elkarretaratzeak atzo, baina garrantzitsuena domekakoa, otsailaren 17koa, izango dela adierazi dute GEDko kideek. Donostian izango da manifestazio hori, 12:00etan; Gros auzoko Katalunia plazatik abiatu eta Boulebarreko kioskoan bukatuko da. Hori kolorea izango dela ekitaldi horretako bereizgarria gaineratu dute: "Aterkin horiak izango dira elementu nagusiak eta eskuragarri egongo dira bertan". Eta hiru eskaera egingo dituztela jakinarazi dute: konponbidea, demokrazia eta askatasuna.