Emakumeak kirolean duen lekua aldarrikatzeko hirugarrenez dator Aresko martxa

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 8a, 19:19

Eskoriatzako Aresko elkarteak martxoaren 10erako iragarri du III. Aresko Martxa. Aretxabaletako Herriko Plazan irten eta Eskoriatzakoan emango diote bukaera oinez egingo duten ibilaldiari. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago bi herrietako kiroldegietan.

"Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzea eta aldarrikatzea da asmoa", adierazi du Julen Forniesek, Aresko elkarteko Saskibaloi Saileko zuzendari teknikoak, eta gaineratu: "Gaur egun berdintasuna ez da lortu oraindik, baina aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte emakumeek eta lortu arte eman beharreko pausoak ematen gabiltza. Benetako borondatea dutenentzat urteko 365 egunak dira martxoaren 8a eta ez bakarrik bat". Hala, aurtengo leloa izango da: Pausoz pauso aurrera.

Bi omendu

Aurten, Aretxabaletako Herriko Plazatik abiatuko da ibilaldia, oinez, eta Eskoriatzakoan bukatu; bidegorritik bueltan egingo duten ibilbidea ondo seinaleztatuta eta musikak girotuta izango dela aurreratu dute. Aurreko ekitaldietan lez, oraingoan ere herri bakoitzeko emakume bana omenduko dute: "Herritarrek aukeratuko dituzte horiek horretara bideratutako formulario bidez". Eta ekitaldi bukaeran, Eskoriatzan, ezustekoren bat edo beste ere izango dela aurreratu dute.

Izen-emate epea zabalik

Martxan parte hartzeko izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Horretarako, Eskoriatzako Manuel Muñoz edo Aretxabaletako Ibarra kiroldegietara joan behar dute herritarrek. Bost euro da izen-ematea eta trukean kamiseta bat jasoko dute Pausoz pauso aurrera leloarekin (izena ematerakoan kamisetaren talla aukeratu beharra dago). Izena emateko azken eguna otsailaren 20a da.

"Ekimen positiboa"

Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalen babesarekin eta UDAren eta Mondragon Linguaren laguntzarekin antolatu dute martxa. Aretxabaletako Kirol zinegotzi Mikel Uribetxebarriak eskerrak eman dizkie antolatzaileei halako ekimenaren alde egiteagatik: "Lau osagai garrantzitsu ditu: kirola, emakumea, Eskoriatza eta Aretxabaleta. Kirolak eta emakumeak bat egin dute, eta oso positiboa da kirol esparrutik sortu izana hori". 

Eskoriatzako Kirol zinegotzi Maite Uribe ere pozik agertu da: "Iaz ez zen egin eta penatuta geratu ginen. Hortaz, jarraipena duela ikustearekin oso pozik gaude eta laguntzeko gertu. Era berean, honen bueltan lanean dabiltzan guztiei eskerrak eman gura dizkiegu".

Antolatzaileek zein laguntzaileek martxoaren 10eko ekimen horretan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak