Korrika Debagoienean
Apirilaren 13an, zapatua, Udanatik sartuko da Debagoienean; 12:15ak bueltan Oñatin izango da –2.265 km– eta alderik alde zeharkatuko du herria. Handik Bergararako bidea hartuko du, herrigunera 13:30 iritsiko dela aurreikusten delarik –2.277 km–. Bergara utzi ostean Soraluzerantz joko du baina ordu gutxi barru berriro sartuko da Debagoienean. Esan behar da Bergaran Erramu Zapatu eguna ospatzen dela apirilaren 13an eta, hortaz, feria egunean murgilduta egongo direla Bergaran eguerdian, Korrika herrigunetik pasatzen denean.
Apirilaren 14an, domeka, goizaldean sartuko da Korrika berriz Debagoienean. Otxandiotik etorriko da eta 02:00etan sartuko da Aramaiotik –2.416 km–, herrigunera 03:00etan iritsiko da. Handik Arrasaterako bidea hartuko du, 03:30ean muga zeharkatu –2.430 km– eta goizaldeko 04:00ak bueltan iritsiko da erdigunera. Ordu erdi beranduago iritsiko da Aretxabaletara –2.438 km– eta 04:42an helduko da Eskoriatzara –2.440 km–. Azkenik, 05:30ean Leintz Gatzagan sartuko da –2.447 km– eta handik Gorbeialderako bidea hartuko du ibilbidea Gasteizen amaitzeko.
Bestalde, 21. edizioa ez da Antzuola eta Elgetatik pasatuko.
21. edizioa
Euskal Herriko bazter guztietara zabalduko Korrikak euskararen aldeko mezua apirilaren 4tik 14ra bitartean eta guztira 2.560 kilometro egingo ditu. Aurtengo leloa Klika izango da eta horrekin batera sarri entzungo da Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furiaren abestia ere. Amaierako ekitaldia Gasteizen egingo da, bertan irakurriko dute 11 egunez lekuko barruan eramandako mezua. Era berean, aurtengo Korrikak Txillardegi omenduko du, euskara batua sortzen egindako lanagatik.