2018ko bigarren zatian bereziki ibili da indartsu Iñigo Alzola. Urrian, gutxienez, bi erakustaldi eman zituen, Anbotoko kilometro bertikalean lortutako garaipenarekin batera, egun gutxitara, dortsal gabe, Udalatxera ziztu bizian igo zuen-eta. Seguruenik inork inoiz egin duen igoera azkarrena izan zen, plazatik hasita 37 minututan igo zuen. Eta gaur, Bergaran, podiumeko lehenengo koskara igo da ostera ere: "Lasterketa motza da, eta segundo gutxiren aldeagatik irabazten da hemen. Negu partean bolumena lantzen hasita nago, eta dagoeneko lehengo txispa falta zait, baina gustura geratu naiz egindako lasterketarekin".
Bada, gaur Bergaran egindako San Silbestre Trailen –Peugeot Etormobil Saria– Arrasatekoak sei segundo baino ez dizkio atera bigarren sailkatu den Soraluzeko Ander de Luis Cabezoni (25.43) eta hirugarren izan da Andoni Gomez bergararra (26.03).
Emakumezkoetan, Azkorbebeitia mistotan, eta Maiora absolutuan
Emakumezkoetan, Maite Maiorak ere badaki Bergarako podiuma zapaltzea zer den, baina aurtengoan lehenengoz irabazlearen txapela jantzi du: "Lasterketa hau erlojuarekin baino bihotzarekin egiten da, urtea agurtzeko modua delako, horregatik da berezia. Eta, polita da urtea horrela agurtzea, arlo pertsonalean bai, baina kirol arloan ez delako onena izan. Bada, 2019ari eskatuko diogu, kirol ikuspuntutik koska bat gora egitea". Besteak beste, mimoz prestatu zuen Zegama-Aizkorri lasterketa bertan behera utzi behar izan zuen Maiorak. Deigarria da, Maioraren ondoren, bailarako emakumezkoek zer nolako maila erakutsi duten, hurrengo lau postuak eurek bete dituzte-eta. Ainara Uribarri oñatiarrak oso lasterketa txukuna egin du, Maiorarengandik 16 segundotara helmugaratu da (31.07), eta, asfaltoan aurten oso ondo ibili den Maider Uribe izan da hirugarren (33.44).
Kontutan izan behar da, baina, Maiorak baino denbora hobea egin duela iazko irabazle Oihana Azkorbebeitiak, baina abadiñoarrak bikote mistoen kategorian hartu du esku Eneko Zarrabeitiarekin batera, eta kategoria horretako txapela jantzi dute (29.26). Aurrealdean ibili diren protagonista horiekin batera beste koadrila galantak erabaki du gaur urtea Bergaran korrika eginez agurtzea. Esanguratsua zenbatek gurutzatu duten helmuga ditxozosko erlojuei begira, kronometroa geratu guran. Argazkilariendako irudi ederrenak, baina, elkarri besarkatuz azken metroak irribarre batekin egin dituztenek utzi dituzte opari modura. Zuek neurtu, bestela, argazki galeriari bistazoa botata. Urte berri on.
Sailkapen orokorra, gizonezkoetan:
- Iñigo Alzola Gordoa (Arrasate) 25.37
- Ander de Luis Cabezon (Soraluze) 25.43
- Andoni Gomez (Bergara) 26.03
- Aimar Larrea (Antzuola) 26.24
- Ibai Etxeberria (Azpeitia) 26.28
Sailkapen orokorra, emakumezkoetan:
- Maite Maiora (Mendaro) 30.51
- Ainara Uribarri (Oñati) 31.07
- Maider Uribe (Bergara) 33.44
- Ane Morillas (Bergara) 37.30
- Laura Iturbe (Bergara) 37.43
Sailkapena bikote mistoen kategorian:
- Oihana Azkorbebeitia eta Eneko Zarrabeitia (29.26)
- Garazi Sanpedro eta Jon Aranburu (31.45)
- Miren Apraiz eta Jon Ormazabal (32.29)
- Mikel Lizarazu eta Ainize Lizarralde (33.24)
- Itsasne Galfarsoro eta Adur Ruiz de Azua (34.20)