HEMEN DEBAGOIENA

Simetriatik asimetriara, euskara ardatz bihurtuz

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 23a, 08:30

Gaur hasita, 11 egunez, euskara norbanakoen bizitzaren zentralitatera eramatea helburu, Euskaraldiak 'ahobizi'-ekin eta 'belarriprest'-ekin beteko ditu herriak. Ariketa soziologikoak, baina, hamabigarren egunetik aurrera behar du izan eragina.

Lazkao Txikiri galdetu zioten behin: "Euskararen alde zer egin behar dugu, Joxe Migel? Eta hark, harrituta, erantzun: "Zer egingo dugu, ba... hitz egin!". Gure hizkuntza ohiturak aldatzeko gonbita egiten zigun bertsolari txiki handiak eta proposamen berarekin dator Euskaraldia ekimena. 

Hain zuzen, konplexu guztiak gainetik kendu eta euskara ardatz bilakatzeko 11 egun daude aurretik, gaurtik hasita, ahobizi edo belarriprest izanda, hizkuntza norbanakoen bizitzaren zentralitatera eramanda.

Aurreikuspenak gainditu eta herri batzuetan txapa gehiago eskatu behar izan dituzte

Azken txanpa egundokoa izan da, euskararen olatura igo nahi izan dute askok eta Arrasaten eta Oñatin, adibidez, bakoitzak egindako hautua identifikatzeko balio duten txapak agortu egin ziren eta gehiago eskatu behar izan zituzten. Aurreikuspenak gainditu egin ditu ibarrean Euskaraldiak. "Izen ematea handia izan da, zalantzarik gabe, bai hasieratik, udalerriei dagokienez, 400 herri batzordetik gora eratu baitira, eta baita herritarren izen emateei dagokienez ere. Baina gure benetako ariketa orain hasten da". Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailearen hitzak dira. Izan ere, izena ematea bada pauso garrantzitsu bat, baina gure egunerokoan euskarari lehentasuna ematea ez da horren erraza.

2017ko martxoa ezkero

Urte eta erdi baino gehiago da ekimena diseinatu, ekarpenak jaso eta komunikazio lanketa guztia egiten hasi zirenetik. Iazko azaroaren 23an aurkeztu zuten ekimena, eta, ordutik hona, atxikimendu pila jaso eta aurrerapausoak bata bestearen atzetik eman ditu Euskaraldiak. "Hala ere, Lasarten, Agurainen eta Egia auzoan [Donostia], adibidez, aktibazio dinamikak lehenago egin zituzten eta hori da Euskaraldiaren oinarri eta abiapuntua", dio Arrate Illarok. 

Euskararen ezagutza maila handitzeko lan eskerga egin izan da orain arte, baina, agian, erabilerari ez zaio askorik erreparatu eta gaur egun alde handia dago bi esparru horien artean. "Egotetik egitera badago jauzi handi bat eta 11 egun hauek egitera bultzatu behar duen nolabaiteko ariketa soziala behar dute izan", adierazi du Iker Agirrek, Arrasateko Euskaraldiko koordinatzaileak.

Hamaika-k badauka adiera berezia euskaraz, asko ere adierazten duelako. Hamaika zenbakiarekin jokatu nahi izan da horregatik, eta baita herrietako eta nazional mailako hamaikakoak sortu ere. Leintz Gatzagaren kasua, baina, nahiko bitxia da: herri txikia izanda, hamaikakorik ez dute egin. Hala ere, herritarren zati handi batek ekimenarekin bat egingo du.

Debagoieneko ahobizi eta belarriprest batzuk, Elgetan, Euskaraldiaren gaineko horma-irudiaren aurrean.

196.000 izen emate

Irailaren 20an ireki zen ahobizi edo belarriprest moduan izena emateko epea. Hala ere, herri batzuetan, Euskaraldiak irauten duen egunen barruan ere egongo da izena emateko aukera. Bergaran, adibidez, azaroaren 27 arte dute zabalik epea. Hala ere, datu ofizialen arabera, Euskal Herri osoan 196.000 lagunek agertu dute, era batera edo bestera, ariketa sozial honetan parte hartzeko gogoa. Horietatik, %74k eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko dira belarriprest rolean. 

Debagoienean ia 12.000 lagunek eman dute izena eta gehienak 'ahobizi' izango dira

Gipuzkoan izan dira izen emate gehien: 84.000, guztira. Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63 emakumezkoak izan direla azpimarratu dute, eta, adin tarteak kontuan hartuta, 36 eta 45 urte artekoak dira gehiengo: %28.

Debagoienari dagokionez, ia 12.000 lagunek eman dute izena. Eta Euskal Herrian gertatu antzera, gehienak ahobizi paperean arituko dira.

11 egun izango dituzte izena eman duten guztiek euren eta ingurukoen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatu eta simetriatik asimetriara eramaten. Hau da, hizkuntza gutxitua nagusira egokitu, eta, beti galtzaile atera beharrean, txikiarendako espazioak bilatzen saiatu eta asimetriarantz, denen egunerokotasunean, euskarari behar duen lekua eman. Barruak astindu eta hamabigarren egunetik aurrera ere, euskara ardatz bilakatu dadin; bestela, Amets Arzallusek dioen moduan, 11 egun hauek kosmetika hutsean geldituko baitira.

Ez etsi, euskaraz eutsi

Hizkuntza ohiturak aldatzerik badago, baina aldaketa horiek adostuta eta besteekin batera egin behar dira. Errotuen dauden ohiturek, jendeak gertu-gertukoekin dituen horiek, arreta eta lanketa bereziak eskatzen dituzte. Lehen pausoa da ahobizi edo belarriprest izateko gertu egotea. 

Ahobizi-a: Azaldu ingurukoei zein erabaki hartu duzun, 11 egunetan euskaraz egingo diezula euskara ulertzen duten guztiei, eta ezezagunei lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezula, baita hurrengoak ere, euskara ulertzen badute, behintzat. Hurbilekoekin hasi eta ekin inertziak apurtzeari. Gonbidatu lagun eta ondokoak ariketa honetan parte hartzera eta elkartrukatu bizi izan dituzun eta bizitzen ari zaren esperientziak beste parte hartzaileekin. Aztertu aurreiritziak nola gainditu ditzakezun eta baztertu itzazu, euskarak ezustekoz beteko zaituelako. Eta, batez ere, zailtasunen aurrean ez etsi, euskaraz eutsi. Helburuak lortu edo ez, saiatzea merezi duelako, zabaldu ate berriak euskarari.

Belarriprest-a: Jokaera aktiboa eduki eta adierazi solaskideei euskara jasotzeko prest zaudela. Zuri euskaraz egiteko eskatu eta zuk zeuk ere horrela egin nahi eta ahal bestetan. Baliatu gainontzeko ahobizi eta belarriprest-ekin izango dituzun topaketa eta elkarguneak esperientziak trukatzeko. Tarteka, elkarrizketa elebidunak sor daitezke; egoera bakoitzean zuk nahi duzun hizkuntza erabili, baina eskatu euskaldunei zuri euskaraz egiteko. Zure euskara euskararik onena dela sinistu eta kontuan hartu praktikatzea dela erraztasuna lortu eta eroso sentitzeko bidea. Ariketa honen bidean hamaika lorpen eta beste horrenbeste zailtasun topatuko dituzu, baina ez etsi!, aurreiritziak atzean utzi eta zabaldu zaitez euskarara.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak