Parte hartzaile bakoitzak eman genuen izena, behar bada internetez, bakarrik, behar bada euskara elkartearen egoitzan edo kalean jarritako mahaian, lagunen batekin… Eta halako batean, azaroaren 23 honetan, hara non topatu dugun Euskal Herri osoan 180.000 lagunetik gora garela Euskaraldian parte hartuko dugun euskal hiztunok. Lagaidazue berriro esaten bi datu hauek, ikaragarri iruditzen baitzaizkit: Euskal Herri osoan, ehun eta laurogei milatik gora lagun. To eta no parte hartze maila.
Badaukagu, beraz, Euskaraldia den ariketa sozialean euskal hiztun andana abiatzeko gertu. Zer da orain tokatzen dena? Euskaraldiaren entrenamendua ondo egitea. Jasotako txapa ipintzea paparrean (neguko berokian, laneko uniformean, kiroletako arropetan…) eta ekitea. Ahobiziek lehen hitza beti euskaraz, eta ondorengoak ahal den neurrian. Eta belarriprestak euskarazko elkarrizketei erantzutea. Hamaika egunez euskara erabili eta erabili. Azkar esaten da, baina zalantzarik ez hamaika oztopo topatuko ditugula. Lehena, askotan, geure burua, euskal hiztunok askotan gure buruari aitortzen dioguna baino gutxiago erabiltzen dugulako euskara, nahiz eta aukera izan. Bigarrena, eguneroko bizitza: lana batez ere, administrazio izapideak, whatsapp taldeak, osasun zerbitzuak, eta baita ere aisialdia, kirola, erosketak… Dena ez da arrosa bidea izango: makalaldiak izango ditugu: ai, ez naiz konturatu; "ay, que no te entiendo; hay, que me hable en castellano; ai, si total berdin da".
Ez da berdin. Euskaraldia abiatu dugu Euskal Herri osoan (daitort, ahoa betetzen zait Euskal Herri osoa esaterakoan. Zenbat ekimen ezagutzen dituzu hiru administrazioetako euskaldunak batzen gaituztenak?) badaukagulako kezka bat, euskararen erabilera ez delako nahikoa, inporta zaigulako, eta neurri batean, erabilera gehitzea herritarron ardura delako. Euskal hiztunok nahi dugu eta guri dagokigu, erabiltzea eta bultza egitea erabilera bermatu dadin. Euskaraldia ariketa garrantzitsua da, beraz, euskal komunitatea trinkotzeko eta indartzeko. Baina baita ere garrantzitsua izaten ari da honaino iristeko egindako bidearengatik. Euskal Herri osoko (barka, ez nau azpimarratzeak aspertzen) euskararen aldeko gizarte mugimenduak eta hiru administrazioetako erakunde guztiak elkartuta, eskuz esku ibili garelako saltsa hau guztia antolatzen eta gertatzen. Lanak, ardurak eta baliabideak partekatzen, konfiantzaz eta zintzo. XXI. mendeko gizarte aurreratu bati dagokion moduan. Gizarte mugimendua eta erakundeak komunitate guztiaren ona ekarriko duen ariketa baten atzean.
Orain egitea da kontua. Euskaraldia egitea, ganoraz, abenduaren 3ra arte, zailtasunak zailtasun, ahultasunak ahultasun. Ez gaude bakarrik, lurralde osoan 198.000 konplize txapadun baino gehiago izango ditugu. Eta bukatzen denean, hamaika egunetako entrenamenduaren ostean euskara egunero erabiltzeak bat ere agujetarik ematen ez digula konprobatzen dugunean, hamabigarrenean ere entrenatzen segituko dugu. Behin errutina gure egiten dugunean, gure gorputzak eta inguruak eskatuko digulako euskara gehiago egitea. Ea ba kapaz garen hamabigarren egunean esateko: nola bizi nintzen ni eguneroko egoera hauetan guztietan euskara erabili gabe? Euskaraldi on, ariketaz gozatu.