"Beñat, badakit nirekin bikotea osatu gura duzula, baina...", dio Irribarriak, barrez, argazkiak egiteko argazkilariek pilotariak apur bat mareatu ostean. Rezustak irribarre batekin erantzun dio; lagunak dira, nahiz eta domekan kontrario izango diren. Eta, gainera, Bergarakoa pozik dago txapelketan izango duen bikotekidearekin: "Iaz moduan, aurten ere Elezkano eta biok elkarrekin jarri gaituzte, eta oso gustura nago. Lagunak gara, eta ondo ezagutzen dugu elkar", dio. Aurretik hamalau jardunaldi izango dituzte, txapelketa luzeena: "Txapelketa hau indarra hartzen dabil, eta, gainera, atzelariondako modukoa da. Buruz burukoan eta lau t'erdikoan geroago eta zailago dugu nabarmentzea, baina eskuz binakakoan atzelarion lana garrantzitsua izaten da, eta lan txukuna egin gura dut".
Indarrak gordetzea komeni
Maratoia bezala da eskuz binakakoa, eta indarrak neurtu egin behar dira. Hain zuzen, Rezustak ondo daki txapelketa amaierara fresko iristeak duen garrantzia; izan ere, iaz ligaxkan indartsuenak izan eta gero, finalera bidean beherakada izan zuten eta finalean, behetik gora zihoazen Ezkurdiak eta Zabaletak 9 tantotan utzi zituzten: "Baina hasieratik komeni da partidu onak egin eta puntuak batzen hastea, lehenengo helburua lau onenen artean egotea izan behar delako".
Jaialdia 17:00etan hasiko dute. Lehenengo partiduan, Retegi Bik eta Jaunarenak Etxeberria eta Erostarbe izango dituzte aurrean. Hirugarrenean, Dariok eta Martinezek Ugalderen eta Irustaren kontra jokatuko dute.