Kike Amonarriz: "Asko egin dugu, baina hau hasiera baino ez da"

Zergatik Euskaraldia? Zergatik orain? hitzaldia eskaini du hizkuntzalari tolosarrak Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Soziolinguistak dio Euskaraldiak asko egin duela dagoeneko, elkarlan ugari sortuz eta espektro zabala hartuz; hala ere, onartu du oraindik lan asko dagoela egiteko.

Zergatik Euskaraldia? Zergatik orain?

Fase aldaketa batean gaude, faktore asko direla medio. Hizkuntzen gaia mundu guztian da eztabaidagai, kezka iturri edo hausnarketagai. Maila soziopolitikoan ere fase aldaketa batean gaude. Gaur egun, 30 urtez azpikoen belaunaldian, ia guztiak B eta D ereduetan ikasitakoak dira eta suposatzen da euskaraz badakitela. Ezagutzari dagokionez, ez daukagu hobekuntzarako tarte handirik. Hobekuntza, etortzekotan, erabileratik etorriko da. Horregatik da orain garrantzitsua Euskaraldia.

Ze errealitate bizi du egun euskarak?

1985etik aurrera ditugun datuen arabera, ezagutzan aurrera egin dugu nabarmen, erabileran joan gara aurreratzen, 2005. urtera arte, baina azken urte hauetan impas egoera moduko batean sartu gara. Hori azaldu da inkesta soziolinguistikoan, bai kaleko erabileran eta beste hainbat lekutan. Horregatik da Euskaraldia horren garrantzitsua, erabilera dinamikak berrindartzera eramango gaituelako.

Zein izango da gakoa Euskaraldiak funtziona dezan?

Nire ustez, Euskaraldiak asko lortu du dagoeneko. Lortu du elkarlan bat sortzea gizarte eragileen eta instituzioen artean; lortu du elkarlan giro bat hiru administrazioetako instituzioen artean; lortu du herrietan aktibatzea aspaldian horrenbesteko indarrarekin aktibatu gabe zegoen mugimendu bat. Eta gakoak hor egon dira. Elkarlanean planteatu da, modu konkretu batean, modu ilusionagarri eta egingarri batean eta harrapatu du oso espektro zabala, euskaraz bizi den pertsona horretatik hasi, eta euskara ulertzera iritsi berria den pertsona horretaraino. Faktore guzti horiek herria animatu egin dute. Hau hasiera besterik ez da. Orain arte, ahobizi-engana iritsi gara errazen.

Belarriprest-ak erakartzea erronka zailagoa izan da, ezta?

Belarriprest-engana heltzeko, ondo azaldu behar da zertan datzan ekimena. Jende askorentzako hau oso berria da, beste galaxia bat. Herri honetan sozialki inoiz egin ez dugun ariketa bat izango da, eta, beraz, ondo azaldu beharreko gauza. Hasteko, ulertu egin behar du, gero onartu, gero egin, eta azkenik, ikusi ez dela ezer gertatzen, ez daukala albo-kalterik. Hori guztia kosta egingo da, baina hori da landu behar dugun bidea, geruzak zabaltzea.

Debagoienean ezagutza eta erabilera datu onak daude, beste bailara batzuekin alderatuta. Baina oraindik badago lana egiteko.

Bai, leku guztietan bezala. Arrasaten bertan egon da kezka berezi bat azken neurketak beherakada nabarmen bat izan duelako. Azkoitian, adibidez, alderantzizkoa gertatu da. Erabilera datuak zerra baten modukoak dira, gorabehera asko dituzte, eta epe luzeko ikuspuntu batetik begiratu behar dira. Baina asko dugu aurreratzeko. Beharbada orain dela 25 urte pentsa genezakeena baino mantsoago goaz, eta hori hausnarketarako bide izan behar da. Praktika berriak proposatu beharko ditugu, metodo berriak landu beharko ditugu, diskurtsoak egokitu beharko ditugu eta abar.

Euskaraldiari begira, ilusiorik sumatzen duzu herrietan?

Bai, nabarmena gainera. Hainbat eta hainbat hitzaldi egin ditut, eta sentsazioa ona da. Aretoak beteta ikusi ditut, eta hori ez da maiz gertatzen.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.