Hamabost artalderi eraso egin dieten txakurrak hiltzeko baimena eman du jabeak

Goienak jakin duenez, Eskoriatzako alkateak –jabearen onarpenarekin– baimendu die, Aldaipe ehiza elkartekoei, ihes egin duten eta artaldeei eraso egin dieten bi txakur hauek hiltzea. Era berean, kolaborazioa eskatu du neurriak hartu eta identifikatutako txakur hauek hiltzeko. Ihes egindako bi txakurrek urriaren 13tik Kurtzebarri, Degurixa eta Alabita inguruetan eragindako kalteen berri eman dute Eskoriatzan Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik etorritako artzainek. 

Hamabost artaldetan jo dute erasoa eta 70 arditik gora dira akabatutakoak

Hego Euskal Herriko lau lurraldetatik etorritako artzainak elkartu dira gaur Eskoriatzan urriaren 13tik hona Degurixa, Kurtzebarri eta Alabita inguruetako artzainen ardiek jasandako erasoak salatzeko. Azaldu dutenez, itxuraz arriskutsuak ez diren ihes egindako bi txakur dira erasoen egileak. "Ertzaintza eta basozainak hasieratik jakinean egon arren, oraindik txakurrak solte dabiltza eta akabatutako ardien kopurua etengabe goraka doa. Hamabost artaldetan jo dute erasoa eta 70 arditik gora dira akabatutakoak. Hortaz aparte, erasoek erabat baldintzatu dute gure egunerokotasuna eta negurako gordeta genituen bazka eta jatekoak behar baino lehenago eman dizkiegu ardiei", azaldu du Eskoriatzako artzain Asier Sagastak.

Goiena jarri da harremanetan ihes egindako bi txakurren jabearekin, baina ez du adierazpenik egin gura izan. Hori bai, txakurrek sortu duten kaltea ikusita, jabeak txakurrak hiltzeko baimena eman du. Eta, Eskoriatzako alkate Jose Ramon Zubizarretak baimendu die –Aldaipe ehiza elkartekoei– ihes egin duten eta artaldeei eraso egin dieten bi txakur hauek hiltzea. Era berean, kolaborazioa eskatu du neurriak hartu eta identifikatutako txakur hauek hiltzeko. Hemen komunikatua:

Kalteak eragiten dabiltzan bi txakurrak: 


 

Arazo zabala eta orokorra

Bizi duten egoeraren aurrean, haserrea eta inpotentzia agertu gura izan dute ibarreko artzainek, baina salatu dute arazoa zabala eta orokorra dela, beste bailara eta lurraldetan ere pairatzen dutena. Hori azaltzeko, Eskoriatzan bildutako hainbat artzainek beraien bizipenak eta lekukotzak eman dituzte. Joan den astean Gorbean elurteak harrapatuta hil ziren ardien jabe Belen Etxebarriak, esaterako, azaldu du artaldea txakur batzuengandik ihesi zebilela geratu zela harrapatuta.

Bizi duten egoeraren aurrean babes gabe sentitzen direla adierazi dute artzainek, eta hainbat salaketa ere egin dituzte. Hala, administrazioaren "inplikaziorik eza" eta basozainen "utzikeria" salatu dute, eta azpimarratu dute txakurrentzako eta jabeentzako lege eta arauak ez direla betetzen, eta betearazteko ardura norena den ez dagoela argi. Egoera hauen aurrean nola jokatu zehazten duen informazio, argibide edo protokolo falta dagoela ere nabarmendu dute.

Gizarteari eskariak

Txakurrek  eragin ditzaketen sarraskiez jabetzeko eskatu diote artzainek gizarteari, baita egoerari aurre egiten laguntzeko ere. Mendien ekosistemaren orekan eta paisaiaren mantentzean artzaintzak duen garrantzia aldarrikatu dute. Era berean, ohartarazi dute txakurren erasoek artzain bakoitzaren ekoizpen eredua kolokan jarri edo deuseztatu egiten duela, eta arazoa konpontzen ez bada, artzainen jarraipena arriskua dagoela. Egiten duten lana ezagutzea eta errespetua eskatu diete herri eta hirietatik landaguneetara joaten direnei.

 

Erlazionatuak

Txakurrak kontrolpean izateko eskatu du EHNEk

Aretxabaleta Eskoriatza

EHNEk prentsa ohar bidez salau du gero eta txakur gehiago dabiltzala aske eta kontrolik gabe, arazoa gero eta larriagoa delako.