Udazken gozoa izaten dabil, gora beherekin

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 5a, 17:25

Nahiz eta euri asko eta elurra egin duen urriko azken egunetan, orokorrean, udazken gozoa izaten dabil. Azaroari lasaiago eman zaio hasiera, eta Pello Zabalaren esanetan hala jarraituko du, egun batzuetan "zerbait okertu arren".

Urriko azken egunetan elurra, tenperatura baxuak eta euria izan ziren protagonista Artikotik iritsitako masa hotz baten erruz. Ordura arte udazken giroko hilabete gozoa izaten ari zena bat-batean neguan sartu zen. Datuek berretsi egin dute hori, izan ere, 1975an egin zuen azkenekoz elurra urrian, mendietatik behera, Arantzazun esaterako. Bertan bizi den Pello Zabala frantziskotarrak ere egiten die jarraipena eguraldi kontuei eta azken urteetako datuei, eta urriko elurrak ez du ezustean harrapatu. 

Urtegiak ur askorekin

Elurra ez ezik euria ere egin zuen azken egunetan, erruz egin ere. Egunik euritsuenak hilaren 27a eta 29a izan ziren Urkulun jasotako datuen arabera; metro koadroko 22,3 eta 25,8 litro pilatu ziren egun horietan. 

Hala, Debagoieneko urtegiek ez dute inondik inora iaz zuten itxurarik. Aretxabaletan dagoen Urkulu ia %75ean dago beteta orain, eta orain urtebete %52an zegoen. Elgetan kokatutako Aixola bete-beteta dago, %99tik gora, eta iaz, %88an zegoen.

Azaroa lasaiagoa

Azaroko lehen egunak lasaiagoak izan dira, nahiz eta euri apur bat egin eta tenperatura baxuak izan, domekan, esaterako, minimoak zerotik gertukoak izan baitziren. Hemendik eta negua iritsi bitartean hala jarraituko duen jakin ez, baina Pello Zabalak tenporek iragarritakoa gogorarazi du.

Azaroko lehen astelehen honetara euria ekarri du fronte hotz batek; giro euritsua eta tarteka zaparrada mardulak izan dira. Martitzenean ere giro nahasia izango da, tarteka ostarteak eta tarteka euri zaparradak izanik; eta euritarako joera gailenduko da asteko egunik gehienetan. Tenperaturari dagokienez 5 eta 15 gradu artean izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak