Goiena Komunikazio Taldea "tokiko hedabideen erreferentzia nagusia" da

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko urr. 26a, 20:28

Euskal kazetaritzako hamar mugarrietako bat da Goiena, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiarentzat. Nabarmendu dutenez, "lorpenaren eta arrakastaren eredu garbia" da, eta tokiko kazetaritzan eta komunikazioan "aitzindari aparta".

Rikardo Arregiz (1969) gero mugarri izan diren hamar ekimen identifikatu ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak; horien artean gazteena, Goiena Komunikazio Taldea da.

"Goiena, tokiko kazetaritzan eta komunikazioan aitzindari aparta"

2000. urtean, Goiena Komunikazio Taldea sortzeko Debagoieneko hainbat medioren batura gauzatu zen: Arrasate Press, Berrigara, Goibekokale, Aretxagazeta, Kontuola eta Ze barri?.

Baina epaimahaiak nabarmendu nahi izan du, komunikazio taldeak lortutakoa bilketa eta batura hutsetik harago doala: "Emaitza kalitate, irismen eta ikusgarritasun handiko multimedia egitura izan da, paperezko euskarri klasikoetan –Goiena eta Puntua astekariak–, Goiena telebistan, Arrasate Irratian edo Goiena argitalpen eta zerbitzu digitaletan berealdiko oihartzun eta eragina sortu duena eskualdean eta baita eskualdetik kanpo. Goienaren argitalpen eta ekoizkinak tokian tokikoak izateaz gain, asko eta asko kalitate eta ontasunez eskualdeaz gaindi noranahiko eredu dira ere gaur egun."

Iban Arantzabal, Goienako zuzendari nagusiak jaso du saria. Beste tokiko komunikabideentzako izan dira Arantzabalen lehen hitzak, sariaren zati bat haiena ere badela esan du, eta bereziki eskaini die saria Tokikom osatzen duten komunikanideei. Goiena kooperatiba bat dela ere gogoratu du taldeko zuzendariak, eta hain justu kooperatibako parte diren guztien garrantzia azpimarratu du; Debagoieneko udalak, euskara elkarteak, kolaboratzaileak... 

Goiena aukeratzeko epaimahaiaren hiru arrazoi nagusiak:

  • Eskualde mailako egitasmo bateratua osatzea, guztiz sinergikoa, euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren ikuspegi eta ekimen osoa bere esku hartu duena, tradizionala zein gaurgerokoa, bikaintasunez.
  • Gizarte eta kultura eragile gehienak bere baitara erakarri ditu, eskualde osoan Goiena gertakari sozial bihurtuz eta horri eutsiz gizarte oinarri oso zabaleko enpresa egitura baten bidez.
  • Tokiko administrazioak ekimenaren kudeaketara bildu ditu, haiek ere partaide eginez zeharkakotasun handiko kudeaketa batean, eta egitasmo berrien sorgune bihurtu da, maiz eskualdea gaindituz.

Epaimahaia

Mahaiburua: Ainara Rodriguez Zalakain.

Mahaikideak: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia, Aitor Zuberogoitia.

Idazkaria: Patxi Baztarrika.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak