Andoaingo Bastero Kulturgunea lepo bete da Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. ediziorako. Sariketa berezia izan da, 30 urte, 10 mugarri lelopean euskal kazetaritzan garrantzia nabarmena izan duten 10 hedabide saritu dituzte.
Ilaski Serranok eta Dani Alvarezek gidatutako ekitaldia zaharrenetik gazteenera hasi da mugarriak ezagutzera ematen. Lehena, Anaitasuna izan da, eta Anjel Zelaietak jaso du. Hogeita hamar urteko ibilbidean, mila eta berrehun lagunek idatzi zuten bertan. Sei milatik gora artikulu eta laurehundik gora zenbaki dira aldizkariaren uzta.
Euskal kazetaritzaren historian aurrera eginez, Zeruko Argiarekin hasi eta gaur egungo Argia aldizkarira igarotako bidea eta egindako lanak jaso du bigarren mugarriaren saria. "Inon aurkitzekotan, (Zeruko) Argian aurkituko dugu euskal kazetaritzaren ADNa", esan du epaimahaiak.
Hirugarren mugarria, Ttipi-Ttapa hedabide nafarrarentzako izan da. 1982an sortu zen, aintzindari izan zen tokiko komunikazioan eta gaur egun, hamaboskari gisa finkatuta dago.
UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ikasi dute gaur egun kazetaritzan lanean diharduten askok. Euskal kazetari profesionalak sortzeko bidean egindako ekarpen garrantzitsuagatik, laugarren mugarria egokitu dio RAKSko epaimahaiak.
Euskal Irrati Telebistaren sorkuntza da bosgarren mugarria, eta horrek, euskarazko kazetaritzaren historia bitan banatzen du epaimahaiaren hitzetan: "Euskarazko irrati eta telebistan landu zen kazetaritzaren inguruko hiztegi bete bat, osatu ziren, kiroletan, politikan eta beste hamaika esparrutan, gaur berezkotzat ditugun hitz eta esapideak, askotan eguneroko hizketara ere ekarri ditugunak. Bultzagile izan dira eta dira EITBko kazetariak hizkuntzari dagokionez".
EITB bezalako komunikabide handi batetik txikiago batera egin dute saltoa ostean, Elhuyar aldizkaria da seigarren mugarria. Euskarazko kazetaritza eta komunikazioan, zientzia eta teknologia esparruan egindako lanagatik jaso du aitortza.
Euskal kazetaritzaren historian, zazpigarren mugarria Euskaldun Egunkaria izan da. 2003an bidegabeki itxi zutena, baina gaur egungo Berrian bizirik dirauena. Martxelo Otamendik jaso du saria, Egunkariaren historia eta bertan lan egindako guztiak aipatu ditu bere esker hitzetan.
Ipar Euskal Herriko lau irratik osatzen duten Euskal Irratiak-ek jaso du zortzigarren mugarriaren saria: "Auzolanari esker 80ko hamarkadako aitzindarien proiektua sendotu zuen Euskal Irratiak taldeak, erronka berriei ekiteko gai izanik".
Ekitaldiarekin jarraituz, Eibar aldera jo dute aurkezleek, eibartarren ekintzaile ospea aipatu dute eta harako izan da bederatzigarren mugarria; Eibar.org saritu dute "euskarazko komunikazioa aro birtualera egokitu eta bide berriak zabaltzeagatik".
Azkenik, hamar mugarrietan azkena, Goiena Komunikazio Taldeari eman dio epaimahaiak: "Lorpenaren eta arrakastaren eredu garbia dugu Goiena, tokiko kazetaritzan eta komunikazioan aitzindari aparta".