Lasterketa bidegorritik joango da Arrasateraino eta San Isidron Gipuzkoa etorbidea hartuko du alde zaharrean sartzeko. "Ibilbide atsegina izango da korrika egiteko. Paraje naturaletatik eta arriskurik gabea", adierazi dute gaur egindako agerraldian.
Emakumeen parte hartzea sustatu guran
Aurtengo edizio honetan, badira pare bat nobedade: batetik, beteranoendako sariak egongo dira –35 urtetik gorakoak– eta bestetik korrikalariek taldean ere eman dezakete izena. Hori bai, taldeak sari jasotzeko aukera izateko, ezinbesteko baldintza izango da taldeko kideen erdiak emakumeak izatea. Izan ere, antolatzaileek emakumeen parte hartzea sustatu gura dute.
Autobus zerbitzua korrikalariendako
Arrasatearrak Oñatira hurbiltzeko autobus zerbitzua egongo da. Erabili gura dutenek izen-ematearekin batera zehaztu behar dute autobusa nahi dutela, bi euro gehiago ordainduta. Garibaitik irtengo da autobusa, 15:15ean. Bestalde, Oñatin, dortsalak jasotzeko orduan, korrikalariek euren arropak Arrasatera eramateko zerbitzua ere izango dute, 16:45ak arte. Sari banaketa 19:00ak aldera izango da, herriko plazan bertan, eta ordu arte parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute Uarkape frontoian.
AEDren 35. urteurrena
AEDk hartu dio lekukoa antolakuntzan Antxintxiketan kirol elkarteari: "AEDren 35 urteurrena izateak, kasualitatez lasterketaren edizioa bera, eta Euskaraldia ate joka izateak ere animatu gintuen antolakuntzan sartzera".
Gaurko agerraldiaren amaieran, AEDko zuzendaritzako Maddi Etxabek eskerrak eman gura izan ditu: "Antxintxiketan kirol elkartea, antolaketaren lekukoa hartzen aholkulari eta gidari paregabeak izan direlako eta Arrasate Atletiko taldea, hasiera hasieratik lasterketaren egunean laguntzeko erakutsi digun prestutasunagatik". Horrez gain, Arrasateko eta Oñatiko udalak, Goiena eta Berria komunikazio taldeak eta hainbat komertzio zein taberna eskertu gura izan dituzte.