Joxe Mari Bengoaz gain, Migel Arregi eta Jose Luis Madinabeitia oñatiarrek ere parte hartu dute proban, Atauingo Aitor Tato eta Mutrikuko Javier Zubiaurrerekin batera.
Lehenengo ariketan, Madinabeitia eta "Bat" izeneko txakurra izan dira onenak 221 puntu lortuta. Lan bikaina eta azkarra egin dute, baita azken hiru txapelketetako garaile Bengoak ere. Azken honek, 204 puntu batu ditu "Eder" txakurrarekin. Hirugarren Tato ataundarra izan da "Nabar" txakurrarekin (193 puntu), eta laugarren Zubiaur "Txiki" txakurrarekin. Migel Arregi oñatiarrak ez du zorterik izan gaurkoan, "Argi" eta "Lagun" txakurrekin.
Bigarren probara, beraz, Madinabeitia, Bengoa eta Tato sailkatu dira. Azken honetan lan polita egin du Aitor Tatok, eta baita Bengoak ere. Madinabeitiak ordea ezin izan du proba denboraz bukatu.
Horrela, bi ariketak batuta Joxe Mari Bengoa eta "Eder" gailendu dira Gipuzkoako Txapelketan, laugarren urtez jarraian, 429 punturekin. Bigarren Tato eta "Nabar" txakurra izan dira 422 punturekin, eta hirugarren Jose Luis Madinabeitia eta "Bat", 300 punturekin.
Omenaldia
Legazpin ospatutako Artzain Egunaren bueltan Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkartea omendu dute. Elkateko bi ordezkarik jaso dute saria, biak debagoiendarrak, Estepan Plazaolak eta Joxe Mari Bengoak.