Txapel preziatua jantzi du 'Goikoetxe'-k

Eneko Azurmendi 2018ko abu. 17a, 11:07

Azkenean bai, lortu du. Bakarkako lanean bigarren postu ugari eskuratu ditu azkenaldian Imanol Albizu Goikoetxe harri-jasotzaileak, eta garaipenaren lehian ibili da. Aste honetan, ordea, txapela janztea lortu du elgetarrak, eta toki ezin aproposago batean, gainera: Mallabian.

Izan ere, zazpi urteko geldialdiaren ostean, han egin zuen debuta iaz Goikoetxe-k, eta txapelketa bera ere oso gustuko du. Horrez gain, Mallabian bertan entrenatzen da. "Pozik nago irabazi dudalako. Berezia da Mallabia niretzat", adierazi du.

Bost minututan 48 aldiz jaso du 100 kiloko zilindro zaharra, eta beste bost minututan 100 kiloko bolarekin 36 jasoaldi egin ditu, guztira 84 jasoaldi eginez, iaz baino 6 gutxiago. "Iaz 90 jasoaldi egin nituen, baina ez ziren nahikoak izan txapela irabazteko, Mikel Lopetegi Urra-k 93 jasoaldi egin zituelako. Forma onean zegoen", dio.

Aurtengoan ordea, Goikoetxe-k irabazteko aukerekin ikusten zuen bere burua, izan ere, iaz baino maila baxuagoa zegoela aitortu du. Gainera, Zelai V. aurkari zuzenaren ostean izan da bere txanda, eta horrek ere abantaila eman dio. "Bere erreferentzia neukan, eta horren arabera jokatu ahal izan nuen, indarrak neurtu ahal izan nituen".

Bi hitzordu garrantzitsu

Datorren astean beste bi hitzordu garrantzitsu ditu Goikoetxe-k. Bata Bilbon, eta bestea Ergobi auzoan, Astigarragan. Hala ere, belauneko minez dabil, tendoia handituta daukalako. Horrek entrenamenduak baldintzatzen dizkion arren, ahalik eta hoberen errekuperatzeko lanetan dihardu, bi txapelketa horietan maila ona eman ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak