Maialen Axpe ez da finalean egongo

Goiatz Arana Begiristain 2018ko abu. 8a, 10:08

Atzo, martitzena, jokatuko zuen Arrasatekoak Europako Atletismo Txapelketako finalera sailkatzeko lehiaketa, baina 4 metro eta 35 zentimetrotan geratu zen, eta ezin izan zen finalerako sailkatu. Edozein kasutan, egindako markarekin, goian utzi du muga eta denboraldian zehar erakutsitako erregulartasunari jarraipena ematea ere lortu du.

Lau metroko jauzia lehen saiakeran egin zuen; lau metro eta 20 zentimetrokoa, bigarrenean; eta lau metro eta 35 zentimetrokoa, hirugarrenean. 4 metro eta 45 zentimetrotan zuen hurrengo jomuga, baina huts egin zuen hiru saiakeretan, eta finaletik kanpo geratu zen.

"Oso gustura"

Edozein kasutan, "oso gustura" azaldu da Maialen Axpe lortutako hemeretzigarren postuarekin, egindako lanarekin eta bizi izandako esperientziarekin. Lehen Europako txapelketa izan da berarentzat maila absolutuan, nahiz eta Mediterraneoko Jokoetan ere izan zen eta nazioarteko izaera duten horiek ere.

Orain arteko ibilbidea

Atletico San Sebastian taldeko atletak ikasturteko azken hitzorduan, Getafen jokatutako Espainiako Txapelketan, lortu zuen Europakoan egoteko gutxieneko marka: 4 metro eta 45 zentimetro.

Behin Europako Txapelketarako txartela lortuta, bazekien zaila izango zela finalean egotea. Berlinera joan aurretik, Goienari egindako adierazpenetan zioen atleta oso onak zeudela eta ez zekiela antolakuntzatik zein marka eskatuko zuten ere, baina bera bere marketan mantentzen saiatuko zela eta, ahal izanez gero, hobetzen.

Finala

Bihar, eguena, izango da finala, eta, partaide moduan ez bada ere, bertan egongo da Arrasatekoa: "Hemen geratuko gara astelehenera arte, finalaz eta txapelketaz gozatzen".

Hilaren 21ean Perura

Europako lanak amaituta, Perurako bidea hartuko du hilaren 21ean, izan ere, bertan jokatuko den Txapelketa Iberoamerikarrerako sailkatu da. Hil amaieran izango da hori eta, irailean, oporretarako tartea hartuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak