Lau txanda eta chicane bat gutxiago Gatzagan

Xabier Urzelai 2018ko uzt. 6a, 11:08

Bihar, zapatua, ia berrogeita hamar pilotu elkartuko dira Gatzagako 21. Igoeran. Udanan moduan, oraingoan ere lau txanda jarriko dituzte antolatzaileek eta ohi baino goizago hasiko dute lasterketa, 14:00etan.

A+Gas taldeko ordezkariek antolatuta bihar egingo duten Gatzagako Auto Igoeran, pilotuek lau txanda izango dituzte lehiatzeko: "Udanako Igoerako esperientzia positiboa izan zen, eta guk ere entrenamendu txanda bat egitearen aldeko erabakia hartu dugu", adierazi du Asier Amutxastegik.

Ia 50 pilotu batuko dira irteera puntuan, eta ez dute arratsaldea askorik luzatuko den beldurrik: "Lasterketa 14:00etan hasiko dugu, eta, lasterkari kopuru polita izango badugu ere, egia da beste urte batzuetan pilotu gehiago izan ditugula. Alde horretatik, Kantabriako Alisasko Igoerarekin bat egiten du gure lasterketak, eta pilotu gutxi batzuk hara joango dira. Baina Euskadiko Mendiko Txapelketan aurrealdeko postuengatik borrokan dabiltzanak gurean izango dira; horrenbestez, pozik gaude".

Zarimutz, zona azkarra

Lasterketako beste nobedadeetako bat da Zarimutzeko chicanea kendu egingo dutela: "Berez, segurtasuna berbatzeko neurri moduan jartzen dira chicaneak, pilotuek abiadura txikitu dezaten, baina aurreko edizio baten, hain justu, hor gertatu zen istripua, bihurgune azkar baten ondoren zetorrelako Zarimutzeko chicanea, eta, neurri handian, pilotuek trazatua aldatu beharra zeukaten. Orain, berriz, tramu hori oso azkarra izango da". 

Bailarako pilotuak

Hauek dira lasterketan izango diren pilotu debagoiendarrak: Aitor Zabaleta (Lola BMW), Ruben Nogueiras (Silver Car S2), Xabi Fernandez (A+Gas), Ander Sarrao (BMW M3), Mikel Fernandez de Arroiabe (Fiat 131 Abarth), Gorka Idigoras (Renault Clio Sport), Aitor Frutos (Renault Clio Sport), Emilio Rodriguez (Renault Clio Sport), Joseba Frutos (BMW 325 E36), Maialen Iarza (Peugeot 205), Gorka Urrutia (BMW 318), Andoni Aperribai (Citron AX), Ander Lezeta (Peugeot 206 HDI), Joseba Arroiabe (Seat Ibiza GT TDI) eta Alex Calzon (Citroen VTS).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak