Honela, manifestazioa Atzeko kalean sartu zenean, adibidez, haien askatasuna eskatzen zuen pankartara erakarri zuten jendearen arreta.
Manifestazioko beste puntu beroetako bat kuartel aurrekoa izan zen. Hara gerturatu ahala oihuak eta txistuak ozen, eta kuartel parean geldialdia.
Kuartel aurrean, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko dozena bat lagun, Egia, memoria, duintasuna eta justizia zioen pankartarekin, Espainiako banderak atzean eta ETAk eskualdean hildako zortzi Guardia Zibilen argazkiak eskuan.
Haien eta manifestarien artean, Ertzaintza, eta baita zenbait herritar ere, paperak goian, jendeari eskatuz parean zituztenei kasurik ez egiteko, liskarrak saiheste aldera.
Zenbait minutuz egon zen manifestazioa kuartel aurrean geldi, eta bere bidea jarraitu zuen gero. AVTren bilkurakoek Guardia Zibilaren eta Espainiaren aldeko oihuekin agurtu zuten martxa.
Institutu aurrean egindako eta dantzaz eta sinbolismoz osatutako ekitaldiarekin amaitu zen Fan Hemendik Eguneko manifestazioa. Altsasuko gazteak berriz ere gogoan, eta Espainiako eta Frantziako polizia indarrek, hego eta ipar, Euskal Herria uzteko eskaria.