Nafarroako Auzitegiak harturiko azken erabakiaren harira, protestak zituzten deiturik ibarreko zenbait herritan. Eta jende ugari erakarri dute hitzorduok. Tartean, bete-bete eginda zegoen Arrasateko plaza: adin guztietako herritarrak, Justizia patriarkalaren kontra, gu gara Manada zioen pankartaren atzean bat eginda. Ordu erdi pasa iraun du protestak, eta txaloekin eman diote bukaera ekintzari.
Bestetik, herriko kaleetan zeharreko protesta egin dute Oñatin, Ez dago gure hitza epaituko duenik. Justizia patriarkalari planto! lelopean. Gainerakoetan bezala, herritar ugarik egin dute bat hitzorduarekin. Eta herriko plazan bukatu dute manifestazioa, zirkuluan jarrita. Ostean egin dituzte adierazpenak Oñatiko Sare Feministako kideek: "Justizia patriarkala salatzen dugu. Eta pozgarria da halako protestetan geroz eta jende gehiago ikustea; adin guztietakoak gaude hemen, gainera. Era berean, esan beharra dugu zigorretan baino, hezkuntzan sinesten dugula geuk".
Eta bide berean izan dira Eskoriatzako eta Aretxabaletako elkarretaratzeak: jende askok egin du bat horiekin. Bete egin dira herrietako plazak.
Bergaran, bi egunetan
Eta Bergaran bi elkarretaratze zituzten deituak astebururako. Gaur arratsaldean egin dute lehena, epaitegi aurrean –19:00etan–. Eta, ostera, biharko ere badute protesta ekimenik iragarria. Herriko plazan egingo dute, 22:00etan.
Oñati.
Aretxabaleta.