EAE osoko infantil mailako neska-mutikoek jardungo dute nor baino nor gehiago. Nagusiki, Arrasateko gune ezberdinetan –Musakola, Iturripe, Uarkape eta Garibai– egingo dituzte kirol probak. Baina izango da horiez aparteko jardun lekurik ere: Aretxabaletako Ibarra, Eskoriatzako Manuel Muñoz eta Bergarako Agorrosin.
Besteak beste, atletismoa, tenisa, futbola, errugbia, saskibaloia, txirrindularitza, boleibola eta igeriketa egongo dira ikusgai. Hori bai, antolatzaileek argi dituzte helburuak: kirol ekintza hezigarrietan parte hartzeko, duintasunezko tratua jasotzeko eta txapeldun ez izateko eskubideak aldarrikatzen dituzte, tartean.
Domekan, errepide itxierak
Esan moduan, asteburuko hitzorduen artean da eskolartekoen txirrindularitza proba. Domekan egingo dute hori, 10:00etan hasita. Hain zuzen ere, mutilek emango diote hasiera ekintzari, eta horren ostean hasiko da nesken lasterketa –11:00etan–. Horiek bukatuta, bestetik, Ginkana egingo dute Biteri plazan.
Proba herritarrengana gerturatzeko helburuarekin, Arrasateko kaleetan jardungo dute neska-mutikoek. Eta antolatzaileek jakinarazi dute aldian aldiko bide mozketak eragingo dituela horrek: "Proba bukatu bitartean, aldian aldiko bide mozketak izango dira, oinezkoentzat barne".