Debagoieneko Artzain Eguna da domekan Elgetan. Inportanteak dira halakoak artzaintza balioan jartzeko?
Bai, horixe, oso ondo daude. Bestela, erabat ahaztuta dago-eta artzainen lana. Kaletarrak, gazteak, umeak…, artzaintzaren mundura gerturatzeko modu oso ona da, gazta edo arkumea urtean bitan jateaz arago. Beharrezkoak dira halakoak.
Aurten seigarrena da. Aurreko edizioetan ere izana zara?
Bai, egon izan naiz, bai. Uste dut badoala eguna errotzen. Gainera, artzaintzaren inguruan, animaliak edota gaztak ez ezik, bestelako erakusketak edo azokak ere antolatzen dira.
Ze esango diezu azokara bertaratzen direnei?
Hemengo gazta edo esnekiak; arkumeak eta okela, oro har, kontsumitu ditzala. Ona dela. Bertakoa eta naturala dela.
Ze eroango duzu Elgetara?
Sei bat sasi-ardi. Han izango gara azalpenak-eta ematen. Hiru gazte eta beste hiru nagusi, lauzpabost urtekoak.
Baserritik kalera etorria, beti atera izan duzu astia baserriko lanetarako.
Bai. Ardiak-eta beti gustatu izan zaizkit. Eta kalera bizi arren, beti ibili izan naiz baserri inguruan. Gaur egun, 30 bat ardi-buru dauzkat, sasi-ardiak, okelatarako erabiltzen ditudanak, arkumetan batez ere. Erdiak inguru Gabonetan saltzen ditugu eta besteak martxo-apirilean…, datozenean. Horrez gain, lau bat behor ere baditugu. Gaztarik ez dugu egiten.
Orturik baduzu?
Alabak dauka ortu txiki bat eta han ibiltzen gara laguntzen, aste barruan bereziki, denbora-pasa.
Gomiztegiko Artzain Eskolatik urtero ateratzen dira dozena bat artzain berri. Gazteendako aterabidea da?
Oso egokia iruditzen zait eskola hori, lan handia egiten dute bertan eta artzain gazteendako primerakoak dira. Dena den, artzain gazteendako huts hutsetik artzaintzan hastea oso zaila da. Inbertsioak eta gastuak ez dira nolanahikoak eta sorreratik zorretan hastea zama handia da aurrera egiteko. Oinarri bat izanez gero, etxeko baserria, gurasoen babesa…, posible da; bestela, oso nekeza.