Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak, Deba Garaia Landa Garapen Elkarteak, Debagoieneko Pastoriek taldeak, eta aurten Elgetako Udalaren laguntzarekin, antolatu dute egitaraua eskualdeko artzaintza mundua ezagutzera emateko helburuz egiten den Debagoieneko Artzainen Egunerako.
Askotariko ekintzak
Maiatzaren 6an ekintza ugari izango dira Elgetan. 10:00ak inguruan irekiko da herriko plazan egongo den artzainen azoka; 13 postu inguru izango dira, eta besteak beste, artisauak egongo dira artilea lantzen.
Bildotsa burduntzian dastatzeko aukera izango dute urreratzen direnek, herriko emakume taldeak banatuko dituen pintxoen bitartez.
Eta askotariko gaztak ere izango dira probatzeko eta erosteko; eskualdeko sei artzain inguru izango dira horiekin eta Idiazabal jatorriko hainbatez gain, bestelako batzuk ere eramango dituzte.
Gatzatu tailerra eta haurrendako jolasak ere izango dira. Eta gainera, Elgetan hilero egiten den moduan, Intxortako ibilbide tematikoaren bisita gidatua egiteko aukera ere izango da 10:00etan.
Seigarrena
Aurten, seigarren urtez ospatuko da bailarako artzainen eguna. 2012an ospatu zen estreinakoz Arrasaten eta ondorengo urteetan Oñatin, Bergaran, Eskoriatzan eta Aretxabaletan egin ostean, aurten Elgeta izango da artzaintza munduaren erakusleiho.