Artzaintza mundua plaza erdigunera, domekan, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mai. 3a, 12:59
Debagoieneko Artzainen Eguneko azoka, iaz, Aretxabaletan.

Elgetako Mendizaleen Plazan egingo dute Debagoieneko Artzainen VI. Eguna. Askotariko eskaintza izango da 10:00etan zabalduko den azoka berezian. Nekazaritza jarduera hori balioan jartzea da ekimenaren erronka nagusietako bat.

Udalak emandako datuen arabera, artzaintzarekin lotutako hamabost esplotazio daude erregistratuta Elgetan, eta kalkulatzen dute 150 bat ardi egongo direla herrian. "Azken urteetan jaitsi egin da. Esplotazio kopurua, akaso, ez asko, baina artaldeen tamaina bai. Orain, artalde txikiagoak daude, hogei bat ardi ingurukoak, eta produkzioa etxerako edo ingurukoendako izaten da", azaldu du baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek.

Domekako azokan hamalau bat postu egotea aurreikusten dute antolatzaileek, eta lau bat izango dira elgetarrak. Larrabil baserriko Enrike Ormaetxeak ardiak erakutsiko ditu, eta bestelakoetan Larrabiltxoko Luis Mari Arantzetak eztia salduko du. Azokan egongo dira salgai, baita ere, Galgorriko gozoak eta pastelak zein Elgetako Baobeer garagardoa.

Gazta, gatza, txakolina, eta bildots pintxoak erosteko aukera egongo da azokan. Askotariko jarduerak ere izango dira. Artilearekin lan egiten duen Sandra Cliville artisauak ere erakustaldia egingo du. —Egitaraua azpian—.

---

Agurtzane Diaz: "Bailaran gazta onak egiten dira"

Deba Garaia Landa Garapeneko teknikaria da Diaz eta azpimarratu du eskualdeko artzainek egiten duten lana ezagutzera ematea dela azokaren helburu nagusia.

Zein indar du artzaintzak eskualdean?

Eskualdea oso industriala da eta asko kostatzen zaigu nekazaritzak duen jarduera balioan jartzea. Ematen du oso txikia dela, eta ez da horrela. Bailara honetan badaude artzainak eta artaldeak, eta gazta onak egiten dira. Lan hori ikusteko modua edukiko dugu azokan. Artzain eskola ere badugu Oñatin, eta azkeneko urteetan eskualdeko gazte batzuk gerturatu dira bertara.

Mota askotako gaztak egongo dira aukeran?

Egongo dira Idiazabalgo jatorri izendapena duten gaztak, baina baita ere bestelako ontze prozesua dutelako izendapen horretatik kanpo gelditzen direnak. Esate baterako, gazta urdina, gazta zaharra...

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak