Bailarako Dantzari Eguna Arrasaten bihar, zapatua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko api. 20a, 16:17

Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeekin batera, Antzuolako Oinarin, Oñatiko Oñatz, Aretxabaletako Leizarra eta 25. urteurrenerako espresuki elkartu diren Bergarako Xamatz eta Eskoriatzako Gorosarri taldeetako ordezkariak batuko dira. Arrostaitz dantza taldeko Eneko Arana izan da gaur, egubakoitza, Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saioan. Hemen elkarrizketa entzungai.

Urtero egiten dute ibarreko dantzari helduak batzea helburu duen Debagoieneko Dantzari Eguna; aurten 25. aldia izango da, eta bihar, zapatua, egingo dute Arrasaten.

Topaketa ibiltaria da; hortaz, txandaka antolatzen dituzte; hori horrela, Aretxabaletako Leizarra Musika Eskolari lekukoa hartuta, Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeek egingo dituzte biharkoan anfitrioi lanak.

325 dantzari eta 20 musikari

Irailean hasi ziren mimo handiz 25.a prestatzen. “Helburu nagusia urte guzti horietan Bailarako Dantzarien Egunean izan direnak batzea izan da, eta hein handi baten beteko dugula esan dezakegu, 325 dantzari eta 20 musikari izango garelako. Orain dela 25 urte dantzari helduen taldeak mugitzeko zailtasunak izaten direla ikusita, gutxienez urtean behin elkartzeko konpromisoa hartu zen sinergiak batu eta elkarrekin gauza berriak egiteko eta ikasteko. Urteetan egin dugun lanaren erakustaldi txiki bat egingo dugu bihar”, kontatu du antolatzaile lanetan dabilen Arrostaitz dantza taldeko kide Eneko Aranak.

325 dantzari eta 20 musikari elkartuko dira, gaur egun dantzan jarraitzen dutenak eta baita aspaldi alpargatak eskegita dituztenak ere. Arrasateko bi dantza taldeak gainera, Antzuolako Oinarin, Aretxabaletako Leizarra, Oñatiko Oñatz eta urteurrenerako bereziki elkartu diren Bergarako Xamatz eta Eskoriatzako Gorosarri taldetako ordezkariak ere izango direlako aurreratu du Aranak: " Urteurrenera batzeko xaxatu egin genituen, eta segituan eman zuten baiezko erantzuna".

Kalejirak, alardea eta erromeria

Jose Maria Arizmendiarrieta plazan elkartu –Laubide plaza zena–, eta handik abiatuko dute 11:30etan kalejira alde zaharrean zehar, eta 12:00etan egingo dute, plaza berean, alardea. "Elkarrekin dantzatuko dugu eta ondoren talde bakoitzak bere saioa egingo du".

Azoka plazan bazkaldu, eta 18:00etan, Herriko Plazan, dantzan egin gura duten guztiei gonbidapena eginda, Sei Pistols eta Trabuko Bat taldeen doinuekin erromeria izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak